Enpleguaren alde, manifestazioa deitu dute Corrugados Azpeitiako langileek
Martxoaren 21ean eman zuen jakitera Gallardo taldeak Corrugados Azpeitia ixteko erabakia eta, ordutik, langileek ez dute ez informazio berririk ez espedienterik jaso. Enpresaren etorkizuna eta euren lanpostuak defendatzeko manifestazioa egingo dute hilaren 20an.
Iraia OIARZABAL | AZPEITIA
«Gure lanpostuak defendatzen jarraituko dugu». Hala aitortu zuten atzo Corrugados Azpeitiako langileek, enpresaren etorkinagatik kezkatuta baina borrokari eusteko asmoz. Duela hiru aste jakinarazi zuen Gallardo taldeak Azpeitiako enpresa itxiko duela, baina ordutik ez dute berririk jaso, ezta Aste Santuko oporren ostean espero zuten lan erregulazio espedientea ere. Gauzak horrela, besoak gurutzatuta gelditzeari uko egin diote langileek, eta manifestazioa deitu dute hilaren 20rako, 12.00etan Azpeitiko plazan.
Lakuako Gobernuarekin eta Gipuzkoako Diputazioarekin izandako bileren ostean, instituzioekin kontaktua mantendu du enpresa batzordeak; ez, ordea, Gallardo taldeak. Langileen ordezkariek azaldu zutenez, Lakuak eta Diputazioak ez dute inongo erantzunik jaso Gallardoren aldetik, nahiz eta bigarrenak 150.000 tona produzitzeko aukera mahai gainean jarri eta «eskura eman» zion.
Jarrera horrek erakusten du, langileen ustez, Gallardoren «borondate falta» negoziazioetan aurrera joateko. Are gehiago, orain arteko negoziazioa eta 300.000 tonako produkzioa ekarri izana «denbora irabazteko» estrategia besterik ez dela izan salatu zuten, enpresak berak onartu baitzuen batzordeak egindako azken proposamena «ez zitzaiola komeni».
«Ezin dugu onartu hain traumatikoa den erabakia hartzeko Alfonso Gallardo taldeak, Extremaduran, bakarrik baloratzea gure lantegia errentagarria den ala ez. Are gehiago enpresa honek diru publikoa jaso duenean», nabarmendu zuten.
Produkzioa geldirik
Enpresaren martxari dagokionez, txatarra falta dela-eta, azken zortzi egunetan produkzioa geldirik egon dela aitortu zuten langileek. Enpresak emandako azken informazioen arabera, larunbatean jasoko dute produkziorako beharrezko materiala, baina iganderako amaituko zaiela aurreikusten dute.
Egoera horren aurrean, Gallardo taldearen barruan zein kanpoan, enpresa bideragarria dela ziurtatu zuten langileek eta eskaera zehatzak egin zituzten. Batetik instituzioei, gatazkan inplikatu daitezen eta Gallardori aurrerapausoak eskatu diezazkioten. Bestetik Gallardo taldeari, langileen etorkizunarekin «gehiago ez jolasteko eta inbertitzaile edo erosle bat bilatzeko», eskualdeko industriak bizirik jarrai dezan.
Langileen ustez, enpresa bideragarria da Gallardo taldearen barruan edo kanpoan, horregatik euren etorkizunarekin «gehiago ez jolasteko eta inbertitzaile edo erosle bat bilatzeko» eskatu diote.