Egungo kezkak sakonki aztertzen dituen «Galde» aldizkari berezitua jaio da
N.B. | DONOSTIA
Hiru hilabetetik behin kaleratzeko xedearekin sortu dute hainbat adituk «Galde» aldizkaria. Antonio Duplak egin zuen hedabide berri honen edukien aurkezpena esanez euskal gizartean dauden kezkak aztertu eta horiei buelta emateko irtenbideak proposatuko dituztela. «Pentsamendu berdintsuko zenbait lagun elkartu ginen eta duela urtebete sortu zitzaigun aldizkari berezitu bat egiteko ideia», azaldu zuen Duplak.
Talde sustatzailea izen ezagun ugariz dago osatua, tartean, Mariano Ferrer, Lourdes Oñederra, Iñaki Irazabalbeitia, Felipe Juaristi, Agustin Unzurrunzaga edo Imanol Zubero. Hauek espero dute, behin lehenengo alea kaleratzearen erronka gaindituta, bigarrena kaleratu ahal izatea martxa hartzeko. Horretarako, euren burua «lotura politiko edo instituzionaletatik independente» definitzen dutenez, euren finantziazio iturria irakurleen harpidetzak izango dira (45 euroan, lau ale urtean).
Interneten ere irakur daiteke paperezko aldizkariko edukiaren zati bat. Lehenengo aleak krisia du gaitzat eta gehiena gaztelaniaz dago idatzia.