GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Burdina eta irribarrea

Margaret Thatcherri ohore militarrak egingo dizkiote. Askatasunaren alde asko egin omen zuen. Dagoeneko haren heriotzaren gaineko ergelkeriak irakurtzeari utzi diot.

Irakurgai jakingarriagoen bila, Pedro Miguelen artikulu bat topatu nuen «La Jornada» egunkarian. Miguelek dioenez, thatcherismoa Burdinazko Dama Gobernu britainiarrera iritsi baino lehen hasi zen; sei urte lehenago, hain zuzen. Izan ere, lehen ministro britainiar ohiak eta ondoren Ronald Reagan presidente estatubatuarrak sustatu zuten eredua Augusto Pinochet txiletarrak jarri zuen indarrean. Eta indarrez. Thatcherren lagun handia izango zenak Milton Friedmanen jarraitzaile sutsu batzuen esku utzi zuen bere herrialdeko ekonomia. Chicago boys haietako baten anaia gaztea, Sebastian, Txileko presidentea da gaur egun. Kasualitate hutsa, beharbada.

«Mirari» txiletarra beren herrialdeak eta mundu osoaren arazoak konpontzeko pagotxa iruditu zitzaien Thatcherri eta Reagani. Estatu kolpea, milaka hildako, bahitu, torturatu eta atxilotuak txikikeriak ziren, nonbait; are txikikeriago txiletar demokrazia azpiratu zuten militarrak Richard Nixon artean AEBetako presidenteak xaxatu zituela jakinda.

Hartara, iraultzaile kontserbadore haiek «miraria» bere egin zuten. Merkatuen gaineko edozein kontrol saihestu eta ondare publikoa pribatizatzearen emaitza berehala nabaritu zen. Oraindik ere nabari da ia mundu osoan. Thatcherrek Britainia Handian lan eskubideak hutsaren hurrengo bihurtu arte murriztu zituen eta errepresio bideak ere inportatu zituen Txileko eredutik. Ondo asko dakite hori langile britainiarrek eta batez ere irlandar errepublikanoek.

Egunotan munduaren negarrak erakutsi dizkigute hedabide gehienek, baina ospakizunak ere izan dira, gutxienik negarrak bezain zilegi direnak.

Astearte goizaldean Thatcherren ereduaren aurkako konpromiso sendoa zuen ekonomialari bat zendu zen. Bere gorpua erraustu arte heriotzaren berri ez jakinarazteko eskatu zuen. Ez molestatzearren. Laurogeiko hamarkadan jakin nuen haren berri, «La sonrisa etrusca» hunkigarria irakurri nuenean, hain zuzen. Campari kopa bat hartu, denei eskerrak eman eta lotara joan zen. Betiko. Ondo joan, nonno.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo