GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hamabost kidek osatzen dute Ipar Euskal Herriko Sorturen Kontseilua

Ipar Euskal Herrian Sortuk izango duen egituraketaren berri eman zuten atzo. Kontseilu kideek argi utzi zuten, halere, «indar metaketa» ahalbidetzen duten EH Bai gisako lan tresnei lehentasuna emango diotela.

p017_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Agustin Xaho izan da abertzaleetan lehena zazpiak bat kontzeptua bultzatzen, eta, bide horretatik, bere izena daraman Baionako kaia aukeratu zuen Sortuk Ipar Euskal Herriko egitura aurkezteko. «Ezkertiarra eta errepublikazale amorratua zen ere, eta gure mugimenduak bere egiten ditu Xahoren aldarrikapenak», nabarmendu zuen Xabi Larralde bozeramaileak, Sortu mugimendu nazionala, sozialista eta independentista dela goraipatuz.

Sorturen Ipar Euskal Herriko sorrera prozesuari dagokionez Jean François Lefort alderdikideak azaldu zuenez, ez da «modu espansiboan» egina izan. Bidea EH Bairen indartzea dela nabarmentzearekin, Sorturen sorrera prozesuari baino, «indar metaketari eta akumulazioari» lehentasuna eman diotela azpimarratu zuen. Iruñean, joan den otsailaren 23an, egin zen Sorturen biltzar eratzailean Ipar Euskal Herriak egutegi propioa behar zuela zioen ekarpena onartua izan zen, izan ere; eta horrenbestez, Sorturen «sortze prozesua udal hauteskundeen biharamunerako» uztea erabaki zutela zehaztu zuen.

«EH Bai lan tresna komuna bilakatua da. Tresna horretan emanen dugu gure indarren lehentasuna», argitu zuen. Sortu egituratuta dago, halere, eta Kontseilu Nazionalean izango diren Maite Ubiria, Jean François Lefort (Lof), Iker Elizalde eta Xabi Larralde ordezkaritzarekin batera, hamabost kidez osaturiko berezko Kontseilua izango du Ipar Euskal Herriak. Xabi Larralde, Iker Elizalde eta Jean François Lefortekin batera, Aurore Martin, Xabier Susperregi, Amaia Elixiri, Eneko Aldana, Jean Claude Aguerre, Anaiz Funosas, Antton Seychal, Anita Lopepe edo Gorka Elejabarrieta izango dira, besteak beste, Kontseiluan. Barne hauteskundeetan parte hartu duten berrehun eta hogei bat lagunek aukeratu dituzte.

Indar politiko berria martxan

Xabi Larraldek Sorturen oinarri ideologikoak gogoratu zituen. Independentista, ezkertiarra eta nazionala, horiek dira hiru zutoin nagusiak, eta horiek kontuan harturik, esan zuen ez zetozela bat gaurko «Europa liberalarekin», ezta Parisek «indarrean jartzen dituen politika neoliberalekin» ere. Independentziari dagokionez, estatu baten lorpenaren bidean, lehen urratsa, «erabakitzeko eskubidean oinarritzen den autonomia estatutua» dela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo