«Ametsak lortzen saiatu behar da eta nireak aplikazio berriak dira»
Mondragon Unibertsitateko ikasle eta irakasle ohia, Telekomunikazioetako goi ingeniaria den sopeloztarrak bertsolaritzaren inguruko Bertsoapp izeneko aplikazioa kaleratu zuen duela urtebete, oso harrera onarekin, eta orain Abarkatxo proiektua sortu berri du teknologia berrien munduan sakonduz. Gazte ekintzaileak ametsez, teknologiaz eta Txinaz hitz egingo du gaur Arrasaten, diplomen banaketa dela-eta.
Nerea GOTI | SOPELA
«Ametsak, teknologia eta Txina» hitzaldia emango du gaur arratsaldean Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritza Teknikoko eta Ingeniaritzako Graduko diplomen banaketan, 307 ikasleren aurrean, Amaia Antzokian. Hitzaldiaren izenburuak ondo deskribatzen ditu Lander Unanueren ibilbidea eta izaera. Bere burua ekintzaile gisa deskribatzen duen sopeloztar honek sakelako telefonoen aplikazio berriekin amesten du, garatu ditu, Abarkatxo teknologia berrien enpresa sustatu du, eta lotura handia du Txinarekin, bost urte eman baitzuen bertan txinera ikasten, baita hango kultura, ohiturak, sineskerak eta batez ere taitxia bereganatzen ere.
Bertsolaritzarekin lotuta «Bertsoapp» sortu, eta orain, Abarkatxo, teknologia berrien enpresa bat. Zelan jorratu duzu ibilbide hau?
Ikasketa amaierako proiektuan egokitu zitzaidan sakelako telefonoen enpresa bat sortzea, orain bost urte inguru, eta orduko telefonoekin aplikazioak sortzen hasi ginen. Hori ikasle garaian izan zen, eta betidanik jarraitu izan dut horren eboluzioa. Txinara bigarren aldiz joan baino lehen, ikastaro bat egin nuen on line aplikazioak sortzen ikasteko, eta pentsatu nuen `egingo dut proba modura, ikasitakoa martxan jartzeko', eta euskaraz ezer ez zegoela ikusita eta bertsozalea izanik, bertsoen inguruko aplikazio bat egin nezakeela pentsatu nuen, Bertsoapp. Ikastearren egin nuen, oihartzuna izaten hasi zen, eta apurka-apurka aplikazioen munduan ideiei bueltak ematen eta merkatua gero eta handiagoa egingo zela ikusten, pentsatu nuen agian ez zela hain aukera txarra izango, eta bide horretatik joatea erabaki nuen.
Zer eskaintzen du Abarkatxok?
Muin nagusia aplikazioak egitea da. Ikusita zibermunduan euskaraz dauden aplikazioak gutxi direla, eta jendeak eskatzen dituela, horretan zentratzen da, baina ez bakarrik euskaraz, gazteleraz, ingelesez, txineraz... jendeak eskatzen duenaren arabera. Proiektu artistiko edo teknikoak direnak ere garatzen saiatzen naiz, eta webgunean badago atal bat «Proiect» izena duena, eta hor eskaparateetako kristaletan jartzeko proiektu bat azaltzen da. Finean, aplikazio berriak dira jarduera nagusia, baina gero badaude nire proiektu txikiak ere edo garatu nahiko nituzkeen proiektuak.
Nolako eskaera du negozioak?
Sakelako telefonoentzako aplikazioak dira, orduan Android, iPhone edota iPaderako aplikazioren bat garatu nahi duen edonork eska dezake, baita hizkuntza aukeratu ere. Desberdintzen dira nire kabuz garatutako aplikazioak, eta bezero batek eskatzen duen aplikazio bat, nahi duen hizkuntzan. Orain txinerarekin aplikazio bat nabil garatzen edo matematikekin, niri gehien gustatzen zaizkidan gaiak jorratzen ditut. Euskal kulturarekin lotuta, Gabonetarako Olentzeroren abestiaren aplikazioa sortu nuen, polita iruditzen zitzaidalako umeentzat kanta irakurri eta abesteko aukera izatea. Bertsoapp aplikazioaren barruan doinutegia garatu nuen 80 doinu baino gehiagorekin, jendeak eskatzen zuelako.
Harrera ona izan zuen Bertsoapp-ek; jolasteaz gain bestelako erabilgarritasunik izan du?
Bertsozaleen artean arrakasta izan du, baina ez dakit bertso eskoletan errimen lanketa edo ariketa sinple modura erabiltzen den, edo AEK-ko ikasleek bertsoaren munduak zelan funtzionatzen duen ikasteko erabiltzen duten. Batez ere Euskal Herrian izan du harrera ona, baina ikusita zein herrialdetan egin diren aplikazioak eta azalpenak euskara hutsean daudela, Euskal Herritik kanpo dauden euskaldunek ere eskertu dute. Alemaniatik deitu zidan lagun batek, iPhone 5-arekin zeukan arazoa konpontzeko, eta esan zidan handik honelako aplikazioak eskertzen direla.
Zein aplikaziorekin egiten du amets Lander Unanuek?
Zerrenda luze bat daukat buruan, egunero bururatzen zaizkit. Baina, gustatuko litzaidake umeentzako aplikazio bat egitea batez ere euskara, ingelesa, gaztelera eta txinera erabilita, lau hizkuntzetako oinarrizko hitzekin hiztegi bat osatzeko. Bestalde, gustatuko litzaidake deialdi publiko bat egitea edonork aukera izan dezan bere bertsoak ere Bertsoapp aplikazioan ikusi ahal izateko, baina oraindik ez dakit zelan egingo dudan.
Ekintzailetasuna nabarmentzen duzu, zergatik?
Ekintzailetasunak ez du zertan enpresarekin lotuta egon. Ekintzaile izan zaitezke zure amets hori lortzen saiatzen zarelako, eta porrotetik ere ikasten da. Ekintzailetasunaren mezu hori botako dut gaur hitzaldian. Nire esperientzia kontutako dut, baina nire ametsak Txina eta teknologia diren bezala, mezua izango da norbera bere ametsak lortzen ahalegintzea, ahalegin horietaz damutuko ez zarelako.
«Nire ametsak Txina eta teknologia berria dira, baina norbera bere ametsak lortzen saiatu behar dela da nire mezua»
«Gustatuko litzaidake umeentzako aplikazio bat sortzea, euskara, gaztelania, ingeles eta txinerazko oinarrizko hitzekin»