GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kutxen izaera soziala ezerezteko beste pauso bat

Kutxabank sortu zenetik urtebete igarota, banku horren jabe diren kutxek -BBK, Kutxa eta Vital-Kutxak- beren lehen asanbleak egin zituzten atzo. Iragarrita zegoen moduan, Kutxabankeko presidente Mario Fernandezek saihetsezintzat jo zituen gizarte ekintzen murrizketak onartu zituzten. Iragarrita zegoen bezala, Gizarte Ekintza deuseztatzeko bidean beste pauso bat eman zuten. Gaizki hasi zen eta okerrera baino egin ez duen bat-egiteak beste pauso bat eman du kutxen izateko arrazoiaren kontrako bidean, Ekintza Sozialari, herritarren beharrei bizkar emanda. Izan ere, Kutxabankeko Administrazio Kontseiluak hartutako norabideak herritarrengandik urruntzen ditu kutxak. Eztabaida bera ere ukatzen du, bai Gizarte Ekintzarako aurrekontuen gainean bai etxegabetzeen gainean, milaka herritarren egoera aspaldiko larriena denean, apurka gizartearen finantza tresna garrantzitsu bat pribatizazioan desagerraraziz.

Botere politikoa horretarako baliatzea iruzurra da, eta horrela ulertzen dute hainbat herritar, gizarte eragile, sindikatu eta alderdi politikok; esate baterako, atzo Bilbon eta Donostian Kutxabanken jokaera deitoragarriaren aurka agertu zirenek. Deitoragarria da, halaber, Ertzaintza BBKren egoitzaren aurrean bildutako herritarren aurka oldartu izana, haren arduradun politikoen izaeraren erakusgarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo