Mikel Jauregi Kazetaria
Oraindik ez sheriff, oraindik ez
Nahiago nukeen sexuari buruz galdetu izan balit, edota drogen gainean. Askoz gehiago. «Zergatik mutilok zutik egiten dugu txiza eta neskek eserita? Nolatan nengoen amaren sabelean jaio aurretik, nola sartu nintzen han? Zergatik jartzen zait pitilina potolo-potolo batzuetan?». Halako galdera sortak, bata bestearen atzetik eginda ere, erosoago sentiaraziko nindukeen. Helduok gure aisialdian drogatzeko dugun joerarekin kontu eske etorri izan balitzait, beste horrenbeste. Baita heriotza hartu izan balu ere galdetegi-fusilamendurako artilleriatzat.
«Lapur guztiak kartzelan al daude? Kartzelan dauden guztiak lapurrak dira? Gaizki portatu al dira?». Begi pare inoxentea zureari so. Ustezko jakituria hitzen zain. Sabelaldea aztoratzen dion jakin-min hori aseko dion munduko pertsona bakarra zeu zarela seko sinetsita. Baina okerrena da bere eskemak eta zeureak ez dutela, inondik inora, abiapuntu bera: jolasean ari denean beti sheriff izan nahi duen horrek paparrean izarra duela egiten duelako itaun, eta zuk, ostera, sexu jolasetarako ere ez duzulako uniformerik gertu eduki nahi.
Segundo pare batez Messik baino azkarrago iskin egitea bururatu zaidan arren, azkenean (nire) egia esatea erabaki dut: «Ez maitea. Lapur guztiak ez daude kartzelan, eta kartzelan dauden guztiak ez dira gaizkileak. Izatez, lapurrik handienak kalean dira, gu bezala libre, eta lapurretan harrapatu dituzten beste batzuek ez zeukaten beste aukerarik, edota ez zuten beste modurik ikusi, egunero mahai gainean, guk izaten dugun bezala, jakia eduki ahal izateko».
Herri honetako kontu autoktonoekin gehiago luzatzerik dagoen arren, ez egitea erabaki dut. «Kartzelan dagoen jende askok ez luke egon behar» zehazgabe batekin bukatu dut, eta aseta gelditu dela esango nuke. Gaia berak aldatu du behintzat: «Spiderman eta Ironman borrokatuko balira...».
Jakin badakit hizketaldi luze eta sakonagoa zor diodala. Egingo dugu noizbait, baina «Gladiator» filmaren amaieran Jubak esaten duen modura, «oraindik ez... oraindik ez». Begi horien inozentzia ahalik eta gehien mantendu nahi dut.