Harri Idoate, Baionako besten afixaren egilea
Ainize BUTRON | BAIONA
Irudi berrituago eta modernoago batekin agertuko dira Baionako bestak datorren uztailaren 24tik 28ra. Urteetan jaien afixa egiten aritu den Arnaud Saezek azken urteotako proposamenetan izan duen eraginari amaiera eman nahi izan diote antolatzaileek. Eta, horretarako, Harri Idoate Baionan sortua eta Ainhoan bizi den grafistak egindako argazkia aukeratua izan da aurtengo jaiak iragartzeko. Harri Idoatek irudi «sinple» bat aukeratu du. Bertan, jaietako jantzi zuriak eta lepoko gorria agertzen dira, ohe batean pausatuak, janzteko prest.
«Orain arteko afixek besta eta harrabotsa irudikatzen zuten. Nik isiltasunarekin jokatu nahi izan dut. Hots, jaiak hasi aurretik umeek, amatxi-aitatxiek edo helduek bizi duten momentua», adierazi zuen Idoatek.