Jose Carlos Fernandes komikigilearen mundu absurdoa euskarara ekarri du Txalapartak
Jose Carlos Fernandes (Loule, 1964) Portugalgo komikigintzako egilerik ospetsuena da gaur egun. Bere «Munduko bandarik txarrena» kultuzko saga bihurtu da, eta ez bakarrik bere sorterrian.Amaia EREÑAGA | DONOSTIA
«Mundukoa bandarik txarrena» ez da ohiko liburua. Komiki formatuarekin, sepia kolorea nagusi, bi orrialdeko istorioetan egituratuta, Jose Carlos Fernandesek mundu berezia zabaltzen du, literatura eta jazz musikaren erreferentziez josita, pertsonaia definigaitz batzuk bizi diren mundu absurdoa, alegia. Irakurri ondoren, bazter batean utzi eta beste behin hartzera gonbidatzen zaituen liburua omen da, «poso» bat uzten dizun horietakoa baita, Bego Montorio itzultzailearen hitzetan.
«Bizitza arruntaren aurrean dorpe eta ezgai sentitu arren xehetasun hutsalekin gozatzeko gaitasun mugagabea duzun horietakoa bazara, ezinezkoa izango zaizu komiki honekin ez maitemintzea», gehitu du Harkaitz Canok. «Twist» eleberriarekin Euskadi Saria irabazi duen azken idazlea Txalapartak kaleratutako harribitxi honen hitzaurreaz arduratu da.
«Munduko bandarik txarrena» Portugalgo komikigintzan sari gehien jaso duen lana da. Bere mugetatik kanpo, kultuko egilea bihurtu da. Gaztelerazko bertsioan Bilboko Astiberri argitaletxeak egin zuen bezala, Txalapartaren «Munduko bandarik txarrena» euskarazko bertsioan Jose Carlos Fernandesek egin dituen lehenengo hiru albumak batean elkartzen dira. Kafkaren Praga, Ben Katcho-en New York edo Borgesen Buenos Aires izan daitekeen hiri batean bizi den zoritxarreko jazz musika banda bat elkartzen da aldiro. Azken hiru hamarkadak daramate entseatzen, baina ez dute inoiz zuzenean jo. Antiheroi hauen inguruan beste hainbeste pertsonaia ari da dantzan, lanbide eta buruhauste sinesgaitzak dituztenak. «Zentzugabe eta guztiz irrazionaltzat jo daitezkeen istorio hauek, non zoroz beteriko mundu batez aritu garela dirudien, gure gizartearen inguruko parabolak besterik ez dira - dio Jose Carlos Fernandesek elkarrizketa batean-. Erantzunak baino, nik galderak sortu nahiko nituzke».
Bego Montoriok Txalapartaren mandatua jaso baina lehenago ezagutu zuen «Munduko bandarik txarrena» eta «izugarri gustatu zitzaidan», aitortu zigun atzo. Testuak buruhausteren bat sortu zion -«baina, badakizu, `Gustuko tokian, aldaparik ez'»-, eta komiki hau defini dezala eskatzean, «mundu berezia, oso propioa» duela dio: «Mundu oso bat kartografiatu du, mundu absurdo eta erreala».
Umorearen presentzia nabaria da, baina ez da ohikoa: «Ez du irribarrerik sortzen, baina bai irribarre erdi bat margotu irakurtzerakoan», Mikel Soto editorearen hitzetan.
«Munduko bandarik txarrena» gure merkatuan lan ezohikoa dela aitortu du Sotok, baina «gustatuko litzaidake ohikoa izatea -zioen-, batez ere frogatzeko Euskal Herrian ere posiblea dela komikia argitaratzea». Hau ez da, dena den, azken asteetan Tafallako argitaletxeak kaleratu duen lan bakarra, Anaïs Nin-en «Venusen delta» euskaratu duelako. Garazi Arrula arduratu da kultuzko nobela erotiko hau gureganatzen. Leku berezia dauka, gainera, guretzat «Euskalduna eta Bijou» ipuineko protagonistak; nazioarteko literaturan aurrenekoz beharbada, euskaldunok desira objektu gisa aurkezten gaituelako.
Kultuzko bi lanen itzulpenak kaleratu berri ditu Tafallako argitaletxeak: bata, «Munduko bandarik txarrena» komiki portugaldarraren sagako lehen hiru liburuak batean bildurik; bestea, Anaïs Ninen «Venusen delta» istorio erotikoa.