GARA > Idatzia > Mundua

Mahmud Abbasen lehen ministro Salan Fayyadek bere dimisioa aurkeztu du

Palestinako Aginteko lehen ministro Salam Fayyadek dimisioa aurkeztu zion Qatarren bilera batean dagoen Mahmud Abbas presidenteari. Itzultzean erabakiren bat hartuko duela esan zuen iturri palestinar batek. Lehen ministroaren bulegoak ez zuen adierazpenik egin.

p024_f01.jpg

GARA | RAMALLAH

Salam Fayyad lehen ministro palestinarrak bere dimisioa aurkeztu du. Duela egun batzuk, Mahmud Abbas presidenteak Fayyad kargugabetzeko eta gobernu berri bat osatzeko prest zegoela adierazi zuen. Nabil Qasis Finantza ministroaren dimisioaren gainean iritzi kontrajarriak dituzte. Abbasek ez zuen onartu Fayyadek ontzat eman zuen dimisioa. Zisjordaniako Bir Zeit unibertsitateko zuzendaria zen Qasis. 2012ko maiatzean sartu zen Fayyadek osatutako gobernu berrian. Pasa den martxoaren 2an dimisioa aurkeztu zuen azalpenik eman gabe, Abbas atzerrian zegoela. Al Fatah-eko biltzar iraultzailearen arduradun batek AFP agentziari adierazi zionez, Abbasek mehatxu egin zion Fayyadi gobernua bertan behera uztearekin Qasis Ministeriora itzultzen ez bazen.

Nazioarteko Diru Funtsean eta Munduko Bankuan ibilitakoa da Fayyad, eta 2007ko ekainetik Palestinako Agintearen Gobernua zuzendu du Zisjordanian. AEBen babesa izan du urte horietan. Are gehiago, Washingtonek Abbas bultzatu zuen lehen ministro izendatzeko.

Hamasek, aldiz, adiskidetze prozesua abian ipintzeko Fayyad Gobernutik kanpo uztea exijitu zion Abbasi.

Jerusalemgo gobernuz kanpoko Hedabide eta Komunikazio Zentroak atzo plazaratu zuen inkesta baten arabera, palestinarren %90,3 Al Fatah-en eta Hamasen arteko adiskidetzearen aldekoak dira, horrek AEBen eta Israelen haserrea sorrarazten badu ere. Balizko zigorren gainetik, bi mugimenduen batasunaren aldekoak dira.

Kerryren proposamenari uko

Bestetik, Israelek uko egin dio AEBetako Estatu idazkari den John Kerryk palestinarrekin elkarrizketa prozesu bat abiatzeko eginiko proposamenari.

«Haaretz» egunkari israeldarrak iragarri zuenez, lehenik eta behin segurtasunari eta mugei buruz eztabaidatzea proposatu zion Kerryk lehen ministro israeldarrari, pasa den asteartean izan zuten bilkuran.

Tel Avivek, ordea, Israelen aitortza eta segurtasuna negoziazio baten lehen atalak izatea nahi du. «Israelek ez du inolaz ere nahi segurtasuna eta mugak prozesua hasteko aurrebaldintzak izatea. Eta hala jakinarazi dio Kerryri. Gobernuko ministro guztiak, baita Justizia buru den Tzipi Livni ere, horretan ados daude», helarazi zuen.

Abbasekin ere bildu zen Kerry. Hitz egiten hasteko Israelek koloniak eraikitzeari utzi behar diola eta 1993 baino lehenago preso dauden palestinarrak askatu behar dituela esan zion presidente palestinarrak.

protestak irailean

Milaka palestinar Zisjordaniako kaleetara atera ziren irailean Salam Fayyaden dimisioa eskatuz eta Pariseko Itun Ekonomikoa bertan behera uzteko, Palestinaren ekonomia Israelen menpe uzten duela argudiatuz.

washington

Washingtonek, ordea, Fayyaden dimisioaren berririk ez duela adierazi zuen. Estatuko Idazkaritzako iturri batek adierazi zuenez, «bere karguan jarraitzen du». Ameriketako Estatu Batuek beti babesa eman diote Fayyadi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo