Iratxe Renteria, Edu Zabala, Itzalai Alberdi, Aitor Otaño Hezkuntzan Geu Eragile eta Denon Hezkuntza ekimenen partaideak
8.000 arrazoi kontra, 8.000 arrazoi alde
Irun, Hondarribia, Astigarraga, Hernani, Lezo, Orereta, Urnieta, Lizartza, Beasain, Gasteiz, Errezil, Donostia, Tolosa eta Alkizako Hezkuntza eragileek 8.000 sinadura, 8.000 atxikimendu, 8.000 arrazoi eman dizkigute elkartzeko, murrizketei eta LOMCEri ezetz esateko eta Euskal Herriaren hezkuntzaren alde bideari ekiteko.
8.000 arrazoi krisiari, iruzurrari eta horrek justifikatu nahi dituen murrizketei ezetz esateko; murrizketak sistema neoliberal honen sortzaileek, iruzurgileek, lapurrek ordain dezatela. Ez dugu onartzen gizarte sozialaren eta hezkuntza publiko, euskaldun eta laikoaren suntsipen programatua, gizarte elitista, hezkuntza elitista, baztertzaile eta produktibista baten mesederako.
Ez dugu onartzen hori guztia bideratzeko inposatu nahi diguten LOMCE legearen uniforme espainola, erlijio katolikoaren sotana, gestio pribatua ikastetxe publikoetan, eta matrikulen igoera, beste askoren artean.
8.000 arrazoi ditugu ordea, Euskal Herriaren hezkuntzaren aldeko bideari ekiteko, gure hezkuntzaren oinarriak berritzeko, hezkuntza publikoa izango den ardatza birdefinitzeko, adostasunak bilatzeko, herri gisa antolatzeko, gizarte eta hezkuntza solidario, ez baztertzailea aldarri- katzeko.
Zuek, guraso, ikasle, eta hezkuntzako langileak zarete proiektu, ekimen honetan sinisten duzuenak; zuek zarete egunero ikastetxeetan sistema neoliberal honen inposizioei aurre egiteko prest zaudetenak; zuek zarete imajinazioz, ekimenez, eragiteko prest zaudetenak; zuek zarete Euskal Herriaren hezkuntzaren alde pausoak ematen ari zaretenak.
Zuek zarete hitzetatik, proposamenetatik ekintzetara pasatu zaretenak, etsipenari eta sumisioari uko egin diezuenak: kamiseta beltzekin klaseak emanez, karteladak antolatuz, data seinalatuetan marea beltza zabalduz, sinadurak bilduz, mozioak aurkeztuz udaletxeetan, kalejirara etorriz. Zuek zarete bai, zuek zarete eragileak eta uste baino indar gehiago duzue Murrizketarik ez, LOMCEri ez, eta Euskal Herriaren Hezkuntzaren alde borrokatzeko. Biba zuek!
Zatozte gaur, apirilaren 20ko kalejirara, Donostiako Alderdi Ederren, 12.00etan, kamiseta beltzekin!