Greba orokorrerako arrazoi gehiegi daude, eta langabeziaren datuek areagotu egiten dituzte
Maiatzaren 30ean greba eguna izango da Hego Euskal Herrian, ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta dozenaka gizarte eragilek deituta. Greba orokorra egiteko arrazoiak azaltzea nabari dena azaltzea da, langileek ez ezik, herritar gehien-gehienek ere ezagutzen dituzte, egunero kausa horien ondorioak jasaten dituztelako. Batzuek, ordea, ez dituzte ikusi nahi. Sindikaturen batek dioenez, greba orokorra baino lehen «bide guztiak» agortu behar dira, enpresaburuek eta administrazioek gero eta meharragoak egin dituzten bideak, alegia. Enpresaburuek, beti bezala, greba egitea arduragabekeria dela diote, eta berdin administrazioek. Rikardo Gatzagaetxebarria Lakuako Ogasun sailburuak, esaterako, herenegun esan zuen ez dela momentua. Enpresarien neurriko erreformak ezartzen dituzten politikarientzat sekula ere ez da momentua. Eta enplegua deuseztatu eta langileen eskubideak desagertzeraino urratzen dituzten neurriak ezartzeko ba al da «momentua»? Grebarako momentua hartarako arrazoiak daudenean gertatzen da, eta etengabe gora ari den langabezia tasaren gaineko azken datuek berretsi eta areagotu egin dituzte arrazoi horiek.