Bi faboritoetako bat kanpoan geratuko da
J.L.
Sorhuetek eta Ducassou II.ak eta Waltarik eta Harizmendik osatutako bikoteak ziren Berezkoen Binakako Txapelketa hasi aurretik lehiaketa hau irabazteko faborito nagusiak, baina bietako bat ez da finalean izango, gaur 17.00etatik aurrera Senpereko trinketean jokatuko baitute bigarren finalerdia.
Norgehiagoka honek ikusmin handia piztu du, lau pilotari handi izango baitira gaur Senperen. Hala ere, bi bikoteak oso baldintza ezberdinetan iritsi dira norgehiagoka honetara, eta horren arabera, edo orain artekoa kontuan hartuta, behintzat, Sorhuet eta Ducassou II.a izango dira finalera sailkatzeko faborito nagusiak.
Orain arte jokatutako partida guztiak irabazita datoz, eta ez hori bakarrik, itxura bikaina emanda heldu dira finalerdietara bi pilotariak. Sebastien Sorhuet oso maila handia ematen ari da aurrean. Bi urteko zigorra gaindituta, indarrez gainezka etorri da, alferrik galdutako urte horiek ahalik eta azkarren berreskuratu nahian. Dudarik gabe, orain arteko aurrelaririk onena izan da Binakako Txapelketan, eta joko bolada horrekin jarraitzen baldin badu, zaila izango da bera gainditzea.
Atzean, Battitte Ducassou izango du. Hau ere denboraldi bikaina egiten ari da. 20 urte besterik ez izan arren, jadanik atzelaririk handienetakoa bihurtu da, eta txapelketa honetako atzelaririk onena izaten ari da.
Waltari eta Harizmendi, berriz, partida bakarra irabazita iritsi dira dauden lekura. Lehen fasean jokatutako neurketa guztiak galdu egin zituzten, eta eskerrak lehen fasean beren multzoko guztiek lortzen zuten aurrera egiteko txartela, nahiz eta hauen kasuan final-laurdena jokatu behar izan duten.
Horixe egin zuten, derrigorrez irabazi beharrekoa irabazi, eta finalerdietan sartu. Egin zuten partidarik onena ere horixe izan da. Beraz, beren inguruan agertu ziren itzal guztiak argitzen hasi ziren partida horretan.
Waltarik, ordea, esku bateko hatz batean arazoak izan ditu, eta gaur jokatuko den norgehiagoka hau pasa den astean zen jokatzekoa, baina Kubakoaren arazoak medio, atzeratu egin behar izan zuten. Beraz, hor izango dute beste koska, ikusi beharko baita ea amerikarra erabat osatu den edo ez. Gaurkoan, behintzat, eta askotan gertatzen ez baldin bada ere, Waltari ez da faboritoa, eta agian pilotarentzat ere ez da batere berri txarra izango.