GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Txinga

Agirregabiriak eta Perezek 100 plaza gainditzeko helburua jarri dute

J.L.

Txinga eroatea ez da herri kirol munduan dagoen kirolik nagusietakoa, baina gaur egun berezia biziko du Sopelako udaletxeko plazan, 18.00etatik aurrera. Bertan, Juanjo Agirregabiria, azken urte hauetako Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelduna, eta bestetik Oskar Perez, Euskal Herriko orga-jokoko eta gizon-probako txapelduna neurtuko dira. Biek 25 kiloko txinga bana erabiliko dute esku banatan, eta 100 plaza egitea izango dute asmoa.

Helburua betetzeko denbora librea izango dute, eta biek 100 plaza horiek gaindituko balituzte, aurrera jarraituko lukete, ea nork irabaziko duen jakiteko. Hori lortzen badute, Euskal Herriko marka berria ere ezarriko dute. 100era ez balitz bietako inor iritsiko, plazarik gehien egiten dituenak lortuko du gaurko garaipena.

Txingalariek urtean zehar ez dute plaza gehiegi egiteko aukerarik izaten, urtean zehar, txapelketez gain ez baitute lan gehiegi izaten. Gaurkoa, kirol hau ezagutarazteko ere aukera paregabea izango dute. Agirregabiria kirol honetan aurkaririk gabe dago aspaldian, eta gaur topatuko dioten itxaropena ere badago, nahiz eta Perez beste kirol batzuetan ere aritzen den, maila handia emanez.

Hala ere, kirol honetan, beste gehienetan bezalaxe, indarra ez da nahikoa, maina ere handia behar baita. Lan handia jarri dute aurretik, eta helburua bete nahi baldin badute, sufritu ere egin beharko dute. Ikusmin handia piztu du, eta kirol honentzat ere oso berri ona da, apurka-apurka aurrera joateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo