ASKE GUNEA, PRIMAVERA VASCA
Esperantzatik itxaropenera
Mario ZUBIAGA
2007ko otsailean Bilboko Esperantza frontoian hasi zen itxaropena. 19 gazte haiek jarritako hazia loratu da, non eta Donostiako erdigunean, Bulebar zabal, ireki eta argitsuan. Orduan bezala, bertako agintariak atzerritarren borondatearen tresna bilakatu dira. Justiziaren izenean ari ziren herritarren aurrean, legearen izena erabili dute, herri honetan legitimitaterik ez duen legearena. Erakundea, edozein erakunde, lehenik eta behin, legearen meneko baita. Eguneroko errutina instituzionala legearen inperioaren adierazpena den neurrian, zaila egiten zaio desobedientzia.
Legearen ezarpen errutinazkoak ematen duen ziurtasuna ordezkatzeko herritarrak behar ditu erakundeak. Horregatik, herritarren desobedientziaren itzalean, babesean bakarrik desobeditu dezake erakundeak. Ertzaintzari, Jaurlaritzari, aldundiei edota udalei herriaren borondatea obeditu dezaten exijitu behar zaie etengabean, noski. Alabaina, hori gerta dadin herriak erakutsi behar du bidea, herri mobilizatua bera izango baita azkenean bertako erakunde desobedienteen babes bakarra.
Hartara, ez dezagun ahaztu, egun hauetan ikusitakoaren alderantziko irudia dela soberanismoak helburutzat eduki beharrekoa: zorioneko egun horretan, Bulebarrean edo Ajuria Enean, herriak babestu beharko ditu ertzainak -edota lehendakaria bera-, beste polizia arrotzen atxiloketa saiakera ekidin arte. Horixe da desobedientzia soberanistaren azken urratsa. Esperantzan, lehena; Bulean, bigarrena; hirugarrena, aurki.