Xabier Izaga Kazetaria
Ikerketa metodologia berriaren gainean
Lehengoan jakin genuen Bostongo atentatuan Fagor markako lapiko bat erabili zutela. Kasuak, beraz, argituta ematen zuen. Lerro hauek argitaratzerako ez dakit AEBetako Poliziak zenbat lagun atxilotu edo hilko dituen -edo hil eta atxilotuko dituen-, baina dagoeneko egile intelektuala argi ageri da. Nolanahi ere, M-11ko eskarmentuak irakatsi zigun ez dela nahikoa Mondragon izeneko aztarna, orkestra izan zein kooperatiba izan. Zorionez, beste gertakari bat izan da Bostongo atentatuaren egiletza intelektualaren gainean zalantza izpirik uzten ez duena.
Mundu osoan zenbat udalek gaitzetsi dute Bostongo atentatua? Beharbada guztiek, edo milakak, edo bik. Nik neuk bakar baten berri baino ez dut jakin, Elorrioko Udalarena, hain zuzen. Bat eta nahikoa, ikerketarako erabakigarria da eta. Erabakigarria, Bilduko zinegotziak abstenitu egin zirelako.
Batasunoek nahasi nahiko gaituzte, esate baterako, gaitzesteko moduko atentatuak egunero gertatzen direla edo, besterik gabe, hau guztia absurdua dela esanez, baina demokratek ez liekete ziria sartzen utzi beharko.
Estatu espainiarreko Fiskaltza datuak biltzen ari da. Baina ez Bostongo atentatua argitzeko, dagoeneko argi dago-eta, baizik eta «halako momentu batean» -nork, zerk zehaztuko du «halako momentua»?- «alderdiren bat» legez kanpo ezartzera premiatu ahal izateko. EAEko fiskal nagusiak, era berean, arretaz irakurriko du Poliziaren txostena Hasier Arraiz eta Maribi Ugarteburu hautetsiei «delituren bat egozteko oinarririk dagoen» aztertzeko. Izan ere, horrelako arrastoak «arretaz» aztertu behar dira, gainerakoak ez bezala. Helburu bera dute fiskalok: «alderdiren bat» legez kanporatzea. Alderdi gehiegi daudela iritzita, nonbait. Jorge Fernandez Barne ministro espainiarrak, Carlos Urquijo Gobernuaren ordezkariak eta fiskalek berek dagoeneko iradoki dute «alderdiren bat» zein alderdi den.
Ikerketa metodo pedrojotarra ondo erraza da. Helburuaren araberako ondorioa behar da, eta ondorio horretara iristeko premisa egokiak eraiki. Erraza eta, batez ere, zientifikoa.