GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

#herriharresia #AskeGunea #resist8

Ederra litzateke 20 urte izatea, gure gazte asko bizitzen ari direna bizitzeko. Baina hobea izanen da gure seme- alabek, 20 urte betetzean, halakoak bideoetan eta argazkietan ikustea

Iraultza ez da Twitterren eginen. Ez dugu demokrazia Facebooken bidez lortuko. Argazki eta bideoek ez dituzte itxikeriaren harresia txikituko. Ados, baina esparru hauetan guzietan ere lehiatzen gara eta, zer esanen dizuet, hobe irabaztea, ezta? Gure gazteek erakutsi dute posible dela tresna berriak protesta eta aldaketa asmoaren alde jartzea. Bagenekien, eta orain areagotu da gure ustea: hor ere borrokatu beharra dago.

Baina, bai bitxia, Donostian gertatutakoak ez du Interneten bertute eraldatzaileen guru askoren onespena jaso. Aukera ederra zen askotan entzun edo irakurri ditugunak errepikatzeko, Donostiako gertaerak baliatuz.

Ez da gertatu, alta. Iraultzak maitagarri eta txalogarriak dira urrun gertatzen direnean. Interneten erabilpen eraldatzaileak goraipatzen dira, munduko beste bazterrean edo benetako hausturaren aukerarik ez dutenean. Batez ere toki exotikoetan lehertzen badira, Iranen, esaterako. Internet benetako lehia gauzatzeko baliatzen denean, korrika ateratzen dira guru asko, erabat birtuala baita haien kemena.

Zorionez, bada bestelako jendea, aukerak baliatuz borroka hau lau haizetara hedatzen ibili dena. Baina jende horrek dagoeneko badaki ez dela batzuen ergelkerietan erori behar: hitz ederrek ekintzetara pasatzen diren heinean balio dute.

Donostiakoak ez du intsumisio eta desobedientzia zibilaren bultzatzaile askoren babesik ere izanen. Erresistentzia baketsuaren apologeta aunitz isilik geldituko dira edo beste aldera begiratuko dute. Espainiar Estatuaren aurreko intsumisio deiak egiten zituen sindikatukoak ziren, beharbada, operatiboan aritu ziren ertzain batzuk. Hitz ederren gibelean, batzuetan, ez dago deus, ongi gelditzeko asmoaz gain, jakina.

Iritsi da hitz ederrak ekintza bilakatzeko tenorea eta, esanguratsuki, ostruka da horietariko askoren maskota kuttuna. Desagertu dira. Ez dute deus esateko. Ez dute deus egiteko.

Zorionez, badira bestelakoak, hitzak sinetsi eta lehia honetan lerrotu direnak, ondorioak ondorio. Bada esparru hauen alde apustu egin duen jendea, horiengandik ikasi dugu eta etorkizunean ere izanen dugu haiengandik zer ikasi. Zorionez, gure herria ez dago itxirik, ikasten du eta bere burua eraldatzen du, baita bere borroka moldeak iraularazi ere!

Baina muga bat zeharkatu dugu denok jada. Hemendik aurrera, zailagoa izanen da atzean deus ez duten hitz ederrak zabaltzen saiatzea. Hemendik aurrera, ekintzez lagundu behar dira.

Denok badugu zer ikasi, denok eman dezakegu urrats bat gehiago. Afera ez da besteak kritikatzea nork bere burua goraipatzeko. Hau ez da lehen harria nork jaurtiko duen erabakitzeko lehia. Hau denon artean #herriharresia osatzeko erronka da, gure herria, lehenbailehen #AskeGunea bilakatu dezagun.

Aitortuko dut, ez dut normalean nire adina gaizki eramaten, baina oraingo honetan, ederra litzateke 20 urte izatea, gure gazte asko bizitzen ari direna bizitzeko. Baina hau baino hobea izanen da gure seme-alabek, 20 urte betetzean, halakoak bideoetan eta argazkietan ikustea eta harro sentitzea aurretik etorri zirenek berriz ez gertatzea lortu zutelako. Gora euskal gazteria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo