ASKE GUNEA, PRIMAVERA VASCA
Sei malko eta esperantza bat
Beñat GAZTELUMENDI Bertsolaria
Nola azaldu daiteke gau oso bat paper batean, nola makurtu emozioak zuri-beltzezko hizkietara? Tentsio uneak bizi izan ditugu Aske Gunean; gerturatzen ari omen ziren eta sekula iristen ez ziren dozenaka furgoneta horien zain joan zitzaizkigun azkeneko 24 orduak. Goizaldeko ordu biak arte egon ginen gu bertan; baziren ordu batzuk bozgorailuetatik isiltzeko agindua eman zutenetik, baina nola isiltzen dira mila lagun barruan halako amorrua, halako urduritasuna eta halako esperantza pilatu dutenak? Karpapean sartu ezinik, Bulebarreko txoko guztietan barreiatu ziren lo-zakuak. Bagenekien etorriko zirela, bagenekien goiz edo berandu eramango zituztela baina barruan zerbaitek esaten zigun ezetz, oraingoan ezetz, sekula baino gehiago ginela, lotuko genizkiola besoak elkarri eta ez gintuztela Herri Harresitik aterako.
Goizean goiz telefonoak esnatu gintuen. Berehala ordenagailuan ikusi genuen irudia: bost ordu lehenago lotan utzitako plaza hura karpapean bilduta, besoak tinko elkarri lotuta eta kasko gorridun kate batek inguratuta. Bulebarrera iritsitakoan, harresia osatu zuten guztiak plazaren ertzetan topatu genituen, atxilotuei azkenera arte babesa eman nahian. Amorruak amorru eta amarruak amarru, lasaitasuna eskatzen genion elkarri eta eraman dituztenen minez joan ginen etxera, seien senideak besarkadetan goxatzeko desioz baina hemendik aurrera gauaren bakardadean begi logaletu izutuz inor eramango ez duten esperantzan.