GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Europari zeharka begiratuz

Biarritzek Bordelen jokatuko du, eta lapurtarren hamabostekoan ohikoak ez diren hainbat jokalari arituko dira.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Europari begira jokatuko du gaur Biarritzek Top 14ko norgehiagoka. Lapurtarrek jadanik ez daukate Ligan lehen zazpien artean sartzerik, beraz ezta datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko aukerarik ere. Horretarako Amlin European irabazi beharra daukate. Datorren astean jokatuko dute finalerdia, eta hari begira arituko dira.

Bordelen izango dute gaur norgehiagoka 18.30ean, eta normalean aritzen ez diren batzuek hasieratik izango dute aukera, eta ohikoak diren batzuek aulkian hasiko dute partida, eta beste batzuk deialditik kanpo ere geratu dira. Helburua inork minik ez hartzea da, eta datorren astebururako prest egotea.

Gaurko norgehiagokak ez dauka aparteko garrantzirik, Bordelek ere ez baitauka ez gora, eta ez behera egiteko inongo aukerarik. Ikusteko partida ederra izan daiteke, eta berri pozgarria ere bai, harrobiko batek baino gehiagok jokatuko baitute gaur Agilerako taldean.

Azken orduko aldaketarik ez baldin bada, honako hau izango da hamabostekoa: Blaauw, August, Gomez Kodela, Marie, Taele, Lauret, Molcard, Lakafia, Lesgourgues, Peyrelongue, Thomas, Burotu, Gimenez, Brew eta Bosch. Aulkian, berriz, Hegi, Van Staeden, Dubarry, Guyot, Yachvili, Barraque, Ngwenya eta Broster geratuko dira. Aurten gehiago jokatuko ez duena Balshaw izango da, datorren astean ebakuntza egingo baitiote, eta denboraldi honetakoak egin ditu jokalari ingelesak.

Sailkapenari begira jarrita, Biarritz sailkapeneko zortzigarren postuan dago, 52 punturekin; eta Bordele, berriz, hamabigarren postuan dago, 43 punturekin.

Itxura ona

Avironek aurten azkeneko aldiz jokatuko du etxean, eta garaipen batekin ospatu nahi du aurtengo azken neurketa. Gaurkoaren ostean partida bakarra faltako da dena amaitzeko, eta hori bi aste barru izango da.

18.30ean Montpellier hartuko du talde zuri-urdinak, eta aurrean duenak bai izango duela zerbait jokoan. Ligako final-laurdenak jokatzeko txartela ia eskuetan dauka, baina helburua laugarren postua lortzea izango da, eta horretarako irabazi egin beharra dauka Baionan.

Baionarrentzat denboraldi amaiera lasaia izango da, agian nahi baino lasaiagoa, baina bi garaipen lortuta bukatu nahi dutela argi utzi dute. Gaurko hamabostekoa honako hau izango da: Igiñiz, Roumieu, Tialata, Boutaty, Senekal, Bernad, Chisholm, Haare, Phillips, Ugalde, O'Connor, Ahotaeiloa, Rokocoko, Gerber eta Spedding. Aulkian, Ertillard, Legras, Linde, Baget, Rouet, Potgieter, Fuster eta Boyaud geratuko dira. Romain Poite izango da norgehiagokako epaile nagusia.

Aviron

Zuri-urdinek etxeko azkeneko norgehiagoka jokatuko dute gaur 18.30ean Montpellierren aurka. Baionakoek ere ez dute ezer jokoan, baina zaleen aurrean ez dute hutsik egin nahi.

ASB taldeko neskek Elite 2ko hirugarren postua izango dute jokoan

Nesken Elite 2 Mailan, denboraldiko azkeneko jardunaldia jokatuko da, eta Baionako ASB taldeko neskek Gennevillois taldearen zelaian jokatuko dute bihar, 15.00etan.

Berde-moreek sailkapeneko hirugarren postua izango dute jokoan. Lehen bi postuak erabakita daude, baina hortik atzerakoak oso estu daude.

Hirugarren postutik seigarrengora, bost puntuko aldea besterik ez dago. Beraz, ASB taldeak hirugarren amaitu lezake, baina baita seigarren ere, bere atzetik baitu biharko arerioa.

Baionakoak une honetan bosgarren postuan daude, baina aurretik dituzten bi taldeak elkarren aurka arituko dira. Euskal jokalarientzat onena haiek berdintzea litzateke, eta beraiek irabaztea. Horrek hirugarren postua segurtatuko lieke lapurtarrei. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo