GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Euskal Irrati Telebistak ikastolekin duen hitzarmena berritu du

EiTBk eta Ikastolen Konfederazioak hitzarmena berritu zuten atzo. Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Koldo Tellitu Ikastolen Konfederazioko presidenteak izenpetu zuten itun hau. Bestetik, «Iparraldearen Orena»-k ordutegi berria izango du datorren astelehenetik.

p053_f01_149x113.jpg

Koldo LANDALUZE | DONOSTIA

Akordio honen arabera, Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez jaialdietan EiTB Gunea ezarriko da aurten ere. Horretaz gain, EiTBko irratiek berriemaile bereziak izango dituzte bertan, jaialdi bakoitzaren berri emateko eta ETBko albistegiak ere bertan izango dira.

Lehenengo jaia Herri Urrats izango da, maiatzaren 12an, Senpereko lakuan. Ondoren etorriko dira besteak: Ibilaldia, maiatzaren 26an, Portugaleten; Araba Euskaraz ekainaren 16an, Amurrion; Kilometroak urriaren 6an, Tolosan; eta Nafarroa Oinez urriaren 20an, Tuteran.

EiTBko albistegiekin jarraituz «Iparraldearen Orena» albistegiak ordutegi berria izango du datorren astelehenetik, apirilaren 22tik aurrera. Iparraldeko gertakizun eta albisteak biltzen dituen saioa 18.50 inguruan eskainiko da. Guillaume Irigoien, Jasone Iroz, Igor Emery eta Franck Dolosor kazetariak aritzen dira berriemaile.

Iparraldeko egunerokotasuna lantzen du «Iparraldearen Orena» saioak, gizarte gaiak, politika, kirola eta kultura. «Albistegi hutsa baino, magazina eta interesgarriak izan daitezkeen erreportajeak egiten saiatzen gara, zubiak eraikiz Ipar eta Hegoaldearen artean», azaldu du Franck Dolosor lan taldeko koordinatzaile eta saioaren editoreak.

Aste barruko albistegiaz gain, igandetan «Iparraldearen Orena Astekaria» dago ikusgai ETB-1en, 10.55 inguru emititzen da eta asteko erreportaje onenen 25 minutuko bilduma da. Aldizka aurkezten dute Franck Dolosorrek eta Igor Emeryk. Astelehen goizeko «Egun on Euskadi» albistegiaren ondotik ere berriro ikusgai dago «Astekaria».

Bi saio hauen bitartez, Iparraldearen eguneko errealitatera hurbiltzeko aukera dute ikus-entzuleek ETB-1en. Gainera, eguneroko saioa eta astekaria EITB Nahieran-en ere ikusgai daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo