GARA > Idatzia > Euskal Herria

Konponbiderako, presoen papera «ezinbestekoa» dela nabarmendu du EPPK-k

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) bitartekaritza taldeak ostegunean antolaturiko mahai-inguruaren ondorio nagusiak aurkeztu zituen atzo. Nabarmenena, konponbide politikoak «funtsezkoa» duela presoen ekarpena, eta hau egin ahal izateko, kalean egon behar direla.

p011_f01.jpg

M.P | BILBO

Preso politikoei eta hauek gatazka politikoetan izan behar duten paperari buruzko mahai-inguruaren ondorioak aurkeztu zituen atzo Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) bitartekaritza taldeak. Ostegunean EHU Bilboko Paraninfoan egin zuten mahai-inguru hori.

Hauekin batera, osteguneko ekitaldian parte hartu zuten bi gonbidatu izan ziren: Hahdan Didamiri palestinarra eta Fayik Yagizay kurdistandarra. Ingelesez, batak, eta frantsesez, besteak, mahai-inguruak emandakoa aztertu zuten, zenbait ondorio nagusi helaraziz. Aitziber Sagarminaga arduratu zen euskaraz azaltzeaz.

Alde batetik, argi utzi nahi izan zuten preso politikoaren izaera «beren borroka eta atxikimendu politikoak» ematen duela. Horretan sakonduz, herriaren zapalkuntzak eta eskubideen urraketak sorrarazten ditu, hizlarien aburuz, «oldartze eta erresistentzia politikoa».

«Zilegitasun osoa duen erresistentziak gatazka politikoa azaleratzen du», dio bigarren puntuak. Gatazka honi konponbidea bilatzeko «elkarrizketa eta negoziazioa» proposatzen du manifestuak, herrien autodeterminazio eskubidea aitortzea helburu izango duena.

Presoen ekarpena

Ondorio hauetan nabarmentzen denez, «gatazka sozial zein politikoak, nazio menperatuak eta diruaren logika zapaltzaileak eraman ditu militanteak konpromisoa hartzera. Horren ondorioa espetxea izaten da».

Bide horretan, eta gatazkaren parte direnez, gatazkaren konponbide ere izan behar direla defendatu zen mahai-inguruan: «Preso politikoen parte-hartzea ezinbestekoa da. Eztabaidatu eta erabakiak har ditzaten ahalbidetu behar da. Dagozkien eskubideak bermatu». Lan politiko hori egin ahal izateko, noski, presoak kalean egon behar direla defendatu zuten.

Azken bi hamarkadetan konponbidean jarritako bi gatazka ekarri zituzten gogora, Hegoafrikakoa eta Ipar Irlandakoa, borondate politiko eta demokratikoak «emaitza positiboak ekartzea posible dela azpimarratzeko».

Borondate hori, argi utzi zutenez, ez da inondik ageri Euskal Herrian ireki berri den bake prozesuan.

«Preso politikoen izaera ukatzea gatazka politikoa ukatzea da. Gatazka politikoa aitortu egin behar da, gatazkak sortutako sufrimendu, kalte eta ondorio oro konpontzeko ezinbestekoa baita», azpimarratu zuten denek, ondorio orokor eta nagusi gisa.

IZAERA

Hizlariek azaldu zutenez, presoei izaera politikoa ematen diena «beren borroka eta atxikimendu politikoa da». Gatazka politikoa existitzen dela azaleratzen du «zilegitasun osoa duen erresistentziak».

EREDUA

Hegoafrikan eta Ipar Irlandan gatazkak konponbidean jartzeko izandako borondatea nabarmentzekoa izan zela adierazi zuten, eta gogor salatu Euskal Herriko gatazkan, ordea, halakorik ez dela ageri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo