GARA > Idatzia > Kultura

Mantisak bide orri berriari ekin dio «Plethora» bigarren diskoan

«Plethora» deitu dio Mantisa talde zarauztarrak bere bigarren diskoari. Laukote izatetik boskote izatera pasa dira eta estilo aldetik ere nabarmena da aldaketa, sintetizadoreen presentzia handiagoarekin. Gaur gauean Lazkaoko plazan izango dira, 23.00etatik aurrera.

p047_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Eboluzioa eta aldaketa dira Mantisa taldearen bigarren lana definitzen duten elementu nagusiak. Aldaketa estiloan, «aurrekoa gogorragoa zen, hardcorea eta punkrock estiloetan mugitzen ginen eta disko honekin esan genezake eboluzio bat egin dugula, eboluzio natural bat, fortzatu gabekoa», esan zuen Iosu Gonzalez abeslari eta gitarristak. Eta aldaketa, baita formazioan ere. Iosu Gonzalez, Ganix Illarramendi, Iñaki Castro eta Iñigo Azkueri Xabier Arruti batu zaie teklatuetan. «Lehenengo diskoan sartu genituen `sinte' batzuk eta gero zuzenekoetan faltan botatzen genituen nolabait -azaldu zuen Illarramendik-. Disko honetan norabide aldaketa dago estilo aldetik, `sinteak' eskatzen zizkigun eta orduan erabaki genuen diskoan eta zuzenekoetan ere sartzea».

Hamar kantuk osatzen dute «Plethora» eta grabaketa Gonzalezen Zarauzko Noisestudioan egin dute. Masterizazioa, berriz, San Frantziskon, Tardon Featheredekin batera. Pop rock alternatibora jo dutela esan daiteke, gitarra konponketa originalei eutsiz. Sintetizadoreen presentziak ere bestelako atmosfera batez janzten ditu konposizioak. «Uste dugu benetan nahi dugun bidea aurkitu dugula urte guzti hauen ondoren», aitortu zuen abeslariak.

Hitzei dagokienez, «oso pertsonalak eta nahiko metaforikoak», direla zehaztu zuen Gonzalezek. «Asko gustatzen zait diskoa entzuten duenak bere interpretazioa egitea». Diskoaren izen bereko kantuak ixten du lana eta bertan ugaritasun baten erdian, munduan dugun tokiaz eta presentziaz hausnartzen du, azalean inurri mordoarekin irudikatu duena Javi Prietok.

2004an sortu zen Mantisa eta lehenengo diskoa 2010ean kaleratu zuten Gor diskoetxearekin. «Hamasei kanta zituen, errekopilazio moduko bat izan zen, urte asko pasa baikenituen diskoa grabatu arte. Kantu hauek freskoagoak daude», azaldu zuen Illarramendik. Oraingoan autoekoizpenaren bidea hartu dute, euren esanetan diskoetxeen papera aldatuz doalako eta momentu honetan uste dutelako taldearen interesak hobeki defendituko dituztela eurek.

Diskoa zabaltzen duen «Hondarrak» kantuaren bideoklipa ere egin dute eta dagoeneko zuzenekoei begira jarri dira. Gaur bertan Lazkaoko plazan izango dira 23.00etan. Data gehiago ikus daitezke www.mantisataldea.com atarian .

ZUZENEKOAK

Gaur Lazkaon izango dira; maiatzaren 10ean, Zarauzko Putzuzulon; 17an, Iruñeko Akelarren; 28an, Gasteizko Parralen; ekainaren 8an, Donostiako Dokan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo