Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Thatcherren heriotzan (eta II)
Mugalari» gehigarrirako egindako elkarrizketa batean, Thatcherren agintaldi urteetan (1979an heldu zen lehen ministro kargura eta 1990era arte eutsi zion hari) Londresen familia kultur anitz batean hazteari buruz galdetu nion Kureishiri. Zera izan zen bere erantzuna: «Thatcherrek abian jarri zuen politikak amildegiak zabaldu zituen Ingalaterran diren komunitateen artean. Sasoi hartan bestearen beldur zen herrialdean bizi ginen. Gaur egun, denborak ematen duen distantziarekin, askok konprobatu ahal izan dute burdinazko damak bidegabekeria ikaragarriak egin zituela. Urte haietan modu batean ala bestean Alderdi Kontserbadorearen jomugan izan ginenok, aspalditik genekien hori». Hala ere, asteazkenean izan zen hiletaren inguruan entzun genituen adierazpenek pentsarazten didate batzuek memoria arazoak dituztela. AEBetako presidente Barack Obamak, esaterako, burdinazko dama «bakearen eta askatasunaren defendatzaile porrokatua» izan zela esan zuen. Ezer defendatzekotan, aberatsen bakea eta askatasuna defendatu zituen, galde diezaietela bestela Britainia Handiko langileei. Alde horretatik, pozgarria da beti memoria galeraren lehen zantzuak azaltzen direnerako «The Buddha of Suburbia» bezalako nobela bat egotea kalean, 1970eko hamarkadaren nondik norakoak (Thatcherren agintaldia ulertzeko giltzarria den epea) ulertzeko. Politika mailan erakutsi zuen gupida falta eta ankerkeria ahaztuta Thatcher santu bihurtu nahi duten horien aurrean, Kureishiren nobelak intolerantziaren operatzeko modua gogorarazten digu: herriaren izena erabiliko du bere jarduna justifikatzeko haren kontra jardun bitartean.