GARA > Idatzia > Kultura

2013ko bertso Xanpiona: elkartzeko manera bat, taldean kantatzeko beste manera bat

Ipar Euskal Herriko bertsozaletasuna indartu eta hedatzeko xedearekin, abian da 2013ko Xanpiona. Taldeetan banatu dira 33 bertsolari eta bertsozale, eta elkarteetako giro goxoan kantatzeko saio bereziak prestatu dituzte.
p046_f03.jpg

Jon GARMENDIA | LEKUA

Ez da txapelketa bat, ez eta lehia estu bat ere. Kantatzeko parada bat agian, umorez jositako saio batzuk. Bertsolariek egun eder bat pasa, eta elkarketaz gozatzeko baliatu nahi dute 2013ko Xanpiona. Ipar Euskal Herrian bigarren aldiz jarri dute abian taldekako bertsolarien kantaldia, eta 33 bertsolari eta zale animatu dira bere baitara, eta 10 talde osatu dituzte. Bertsularien Lagunak elkarteak antolatu du Xanpiona, eta Xan Alkhat ibili da haren antolatze lanetan eta lehen hitzekin deskribatzen du aurtengo Xanpiona: «Ez da lehiaketa bat, ez da epailerik, publikoak egiten du epaitze lan hori, lagun arteko giroan biltzeko aitzakia bat da, apirilaren 13an eman genion hastapena Urdiñarben» .

Hamar taldetan banatu dira bertsotan eginen duten guztiak, herri izenekin, honela Baigorri, Hendaia, Itsasu, Hazparne, Azkaine, Hendaia eta Beteranoak eta Xiberua taldeak bilduko dira kantura. Parte hartzen duten bertsolari batzuk aski ezagunak dira, Amets Arzallus, Odei Barroso, Xumai Murua, Joanes Etxeberria, Miren Artetxe... baina badira bertsolari gisa ezagutuak ez direnak ere, arte honen zaleak izanik, haiek ere bertsotan egin ahal dutela erakutsi nahi dutenak, Mixel Etxekopar txirulari eta kantari xiberotarra, Aitor Renteria kazetaria, edo Joana Itzaina bera, Ipar Euskal Herriko bertso elkartearen lehendakaria. Bitxikeria gisa ikus daiteke ere Xanti Iparragirrek parte hartzea, 79 urte dituen gizon handi honek lan itzela egina du Euskal Herriko ipar-ekialdeko lurrotan bertsolaritzaren alde, bertso eskolak sortuz eta arte hau itzali samarra zegoen garaian hura hedatzeko hamaika ekimen sorturik. Aitor Sarasua ere animatu da kantatzera, hainbat urtez isilik egon bada ere, ez du bere bertso grina galdu, eta lagun arteko giro hauetan biziki maite du bertsotan aritzea.

Xan Alkhaten ustez, «indar bat gehiago eman nahi zaio bertsolaritzari, herri giroan murgildu, eta guk ondo pasa, horiek dira helburu nagusiak. Ekainaren 23an emanen diogu bukaera, Larraldea baserrian, Senperen, gainera, egun horretan Hernandorena Saria jokatuko da goizez, eta Xanpionan parte hartu duten guztiek bazkalondoan kantatuko dute». Informazio gehiago nahi duenak, Bertsularien Lagunak elkartean lor dezake.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo