GARA > Idatzia > Kultura

Pasaiako Luzuriaga lantegiko langileen lekukotzak bildu ditu Izagirrek liburu batean

N.B. | DONOSTIA

Koldo Izagirre idazle pasaitarrak bere herrian hain garrantzitsua izan zen Luzuriaga lantegiari buruzko liburu bat idatzi du bertan lan egin zutenen elkarrizketak bilduz. Pasaiako Udalak bultzatutako Sorginarri bildumako parte da «Voz y vida obrera. Luzuriaga. Hogeita bost lekukotasun».

Izagirrek berak azaldu zuen hizlariek duela 40 urteko lan egoera baten berri ematen digutela, baina badirudiela kontatzen dutena duela 150 urte pasatu zela. Bertako baldintza gogorrak ekartzen dituzte gogora langileek, eta horiek gainditzeko egin zuten borroka. «Hitza hartu zuten baldintza txar horiek salatzeko, eta oinarrian elkartasuna zutela, mobilizazioak egin zituzten», aipatu zuen idazleak.

Elkarrizketak egiten hasi baino lehen dokumentazioa bildu eta kronologikoki antolatu behar izan zuen, eta orduan konturatu zen sindikatuen historian ez dagoela langileen lekukotzarik. «Kontakizun xume hauek sinesgarritasuna ematen diote historiari, gizakirik gabe datuek ez dute zentzurik», azpimarratu zuen.

Sindikatu klandestinoak

Elkarrizketetan lantegiaren funtzionamenduaren berri ematen digu, barrutik, hura izan zena euren begiekin ikusi zutenen hitzetan, eta elkarrizketak entzun beharrean irakurri behar baditugu ere tonua nabaritu daiteke, Izagirreren esanetan: «Nostalgia dute. Beraiek borrokatu egin zuten eta egungo egoera porrota iruditzen zaie, lan baldintzei dagokienez batez ere». Sindikatu klandestinoen garaira botatzen du begirada, orduan hauteskunde sindikalak irekiak zirelako eta pertsonei ematen zietelako botoa. Langileen elkarteak legalak izatearen garrantziaz kontziente ziren, baina atzerapauso bat iruditzen zaie hautagaien zerrenda ixtea eta, norbanakoei beharrean, sindikatuei botoa eman behar izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo