GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakako finala

Faboritoak unerik garrantzitsuenean esnatu dira

Waltari eta Harizmendi Larretxearen eta Lanberten aurka neurtuko dira bihar goizean, 11.00etan, Baionako Modernen. Lehenengoen alde aterako da dirua.

p050_f01_199x136.jpg

Jon LEUNDA

Waltari eta Harizmendi Larretxearen eta Lanberten aurka neurtuko dira bihar, 11.00etan, Baionako Modernen, Berezkoen Binakako Txapelketako finala erabakitzeko asmoz.

Waltari eta Harizmendi dira irabazteko faborito nagusiak, baina lehiaketa oso zaila izan dute, lehen fasean partida guztiak galdu baitzituzten. Unerik garrantzitsuenean esnatu dira, eta bikain heltzen dira finalera.

«Orain ongi nago. Buruz Burukoaren ondoren, ez nuen izan Binakakoa prestatzeko aukera handirik, eta gainera hatz batean min hartu nuen. Oso bolada txarra pasatu dut, eta eskerrak Harizmendiri, ikaragarri lagundu dit. Orain, ordea, berriro ere lehengoa naiz», esan zuen pilotari amerikarrak.

Harizmendik ere txapelketa zaila izan dela onartu zuen: «Txapelketa zaila izan da. Waltarik arazo asko izan ditu, eta presioa ere ikaragarria izan dugu. Berak gaizki pasatu du, baina dena pasatu da, eta orain finalean pentsatu behar dugu», esan zuen Nafarroa Beherekoak.

Biharkoari begira jarrita, Nafarroa Beherekoa eta Kubakoa dira irabazteko faborito nagusiak, baina Waltari ez dago ados. «Nik ez dut horrela ikusten. Larretxea egungo hiru aurrelaririk onenen artean dago, eta Lanbert, berriz, hiru atzelaririk onenen artean. Gu biok ere horrelaxe gaude, eta uste dut gauzak parekatuak daudela», esan zuen aurrelari amerikarrak.

Presiorik gabe

Larretxeak eta Lanbertek presiorik gabe jokatuko dutela onartu zuen Zuraideko aurrelariak: «Uste dut txapelketa oso ona egin dugula. Orain arte partida bakarra galdu dugu, eta espero dugu txapelketa horrela amaitzea, txapela irabazi dugula esan nahiko bailuke. Dena dela, beraiek dira faboritoak, badakigu neurketa zaila izango dela, eta galtzeko ere ez daukagula asko. Gu lasai joango gara finalera», esan zuen Larretxeak.

Lapurtarrak ere garbi dauka igandeko jokoak nolakoa izan behar duen. «Hemen denok dakigu nola jokatzen dugun. Garbi daukagu Waltariri pilota kendu behar diogula. Ez dakigu, pilota beti atzean jarriz, ezkerreko teilatua bilatuz, baina ahal badugu ezin diogu jokoan sartzen utzi». Beste gakoetako bat sakean egongo dela esan zuen Lanbertek: «Trinket hau oso azkarra da, eta Waltarik sakearekin sekulako abiada ematen dio pilotari. Errestoan ongi aritzen banaiz, aukera asko izango ditugu», onartu zuen atzelariak.

Ximunek orain dela bi urte txapela jantzi zuen, eta orduan Waltari zuen lagun. «Beste aurrelari batekin naiz finalean, eta hori seinale ona da. Agian orain bi urte Waltarirengatik heldu nintzen finalera, baina orain beste batekin ere irits naitekeela erakutsi dut, eta hori niretzat oso garrantzitsua izan da», esan zuen Ximun Lanbertek.

Arazoak

Waltarik arazo asko izan ditu txapelketan zehar, baina Kubakoak denak gainditu ditu, eta bere mailarik onena emateko moduan dagoela iragarri du amerikarrak. Harizmendik, aldiz, lehiaketa ederra egin du.

galtzeko gutxi

Larretxeak eta Lanbertek sekulako txapelketa egin dute, baina biharko finalean ez dira faborito. Galtzeko gutxirekin kantxaratuko dira, eta presio oso txikiarekin ere bai, nahiz eta irabazteko itxaropena ere baduten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo