GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora

Nazabalek Gasteizen ekingo dio Urrezko lehiaketari

J.L.

Urrezko Aizkora txapelketa badoa aurrera eta asteburu honetatik aitzinera aizkolaririk onenetakoak agertzen hasiko dira. Bihar, esaterako, azkeneko bi urteetako txapeldunak, Floren Nazabal eta Juanjo lopez, hasiko dira lanean.

Bihar, 12.30ean, jokatuko da Gasteizen Armentiako belardietan. Han lau aizkolari neurtuko dira, eta horietako bik egingo dute aurrera. Floren Nazabal, egungo txapelduna, Juanjo Lopez, 2011ko txapelduna, Arkaitz Jauregi eta Antonio Senosiain neurtuko dira.

Aizkolari bakoitzak bost lan ezberdin egin beharko ditu, eta denetako denborak batu ostean, denborarik onenak dituzten lehen bi aizkolariek lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela.

Azkeneko bi urte hauetako txapeldunak, Nazabal eta Lopez, alegia, dira aurrera egiteko faboritoak. Lezaungoak, ordea, arazo batzuk izan zituen orain dela hilabete batzuk, eta ikusi beharko da nola dagoen orain. Ongi baldin bada, faborito nagusietakoa izango da.

Hala ere, Senosiain ere ez da baztertu beharko. Berez lan hauek oso ongi doazkio nafarrari, eta ez da ahaztu behar joan den igandean jokatu zuela apustua, eta oso ongi prestatuta dagoen aizkolaria dela. Hasiera batean, aukerarik gutxien Arkaitz Jauregik izango ditu.

Sokatira

Etxarrin abiatuko da bihar Lauko Nafarroako Sokatira Txapelketa. Ekinaldia 11.30ean hasiko da. Mutilak 320 kilokoan arituko dira; neskak, 260 kilokoan; eta kadeteak 290 kilokoan lehiatuko dira.

Gizonezkoen mailan, Txantrea A, Txantrea B, Amaiur A, Amaiur B, Berriozar eta Basaburua-Imotz lehiatuko dira. Emakumezkoetan, Basaburua-Imotz, Sakana, Berriozar eta Txantrea neurtuko dira, eta kadeteen mailan, berriz, Berriozar A, Berriozar B, Andra Mari eta Ultzama izango dira lanean. Maiatzaren 11n Amaiurren izango du txapelketak jarraipena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo