Pernando Barrena | Sortuko eledun nazionala
Bakegileen garaia
Erronka ez da nolanahikoa, baina bestetik aurrean dugun Estatu espainola inoiz izan den estaturik ahulena da, krisi hirukoitza pairatzen duena: lurralde eta ekonomia ereduari dagokiona; eta krisi ideologiko-kulturala
Euskal Herrian bakezale asko eta bakegile gutxi» eta «ez dugu kanpoko inor behar bakea ekartzeko» moduko esanak askotan entzun ditugu gure artean. Horien edukiarekin ados egon ala ez, ederki islatzen dituzte euskaldunon artean bakea eraikitzeko lanetan ohikoak izan diren kezkak. Izan ere, sarritan mespretxatu dira -hainbatetan iraindu arte-, nazioarteko komunitatetik luzatu zaizkigun eskuak; bestetik, bakea hitza bera gorrotagarri bilakatzera iritsi ziren diskurtso ofizialaren zaleak, beren jardun politiko-militarrean bortxakeriaren apologia praktikoa egiten zuten bitartean. Horregatik beragatik, ni ideia horrekin bat nator, bai, gure herrian ustezko bakezale asko dagoela baina benetako bakegile gutxi ezagutu dugula dioen horrekin.
Oraingoan, Gernikako Udalak Jesus Egigureni eta Arnaldo Otegiri «Gernika bakearen eta adiskidetzearen alde» saria ematea erabaki du, «Euskal Herrian bakea lortzeko egindako lanagatik».
Etorkizun laburrean bake prozesuaren integraltasunaren testuinguruan ezinbesteko erreferentzia izatera deituta dauden 2006ko Loiolako elkarrizketetan aritu ziren Jesus Egiguren eta Arnaldo. Beraiek izan zuten aurreikusmen eta abilezia nahikoa bost urte lehenago horri begira lanean hasteko eta sortu ziren oztopo guztien gainetik aurrera jarraitzeko. Eta gauzak bukaeran ez ziren espero/behar/nahi bezala atera, baina garaiko gorabehera guztiak gertutik ezagutzeko aukera izan genuenok sobera konplikatu gabe esan dezakegu hori ez zela beraien erruz gertatu.
Loiola-Genevako prozesua bertan behera geratzearekin batera Jesus Egiguren lehenengo zereginen lineatik erretiratzea erabaki zuen bere alderdiak, baita Arnaldo Otegiren kontrako mendeku zitala burutzea ere. Urte eta erdiz izan zuten espetxean edozein zuzenbide estatutan lotsagarria litzatekeen auzi baten ondorioz; eta hurrengo batean gogorrago lotuko zutelakoan, beste urte eta erdiz libre bizitzen utzi zioten elgoibartarrari, eta hor akats larria egin zuten beraien interesei erreparatzen badiegu behintzat. Akats larria, Arnaldok ez zuelako denbora galdu eta segituan bere inguruan bildu zen lantalde eraginkor batekin batera ezker abertzaleak sekula ezagutu duen eztabaida berritzaile eta ausarte- nari ekitea lortu zutelako.
Eztabaida horrek Euskal Herriaren panorama politikoa betirako aldatuko zuen «Zutik Euskal Herria» hausnarketa ekarri zuen, estrategia eraginkorra eman zion ezker abertzaleari eta modu berean bakerako eta konponbide politikorako oinarri sendoak ezarri. Hori guztia bideratzeko kapaz izan zen ekipoaren partaide batzuk atxilotzea erabaki zuen Rubalcaba ministroak -memoria onekoak gara- eta pertsekuzio politiko lotsagarri baten erakustaldia izan zen «Bateragune» izeneko auzia muntatu zuten espetxe zigor bidegabeak ezarriz Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez eta Arnaldo Otegiren aurka.
Espetxean mantentzen dituen epaiaren helegitea Auzitegi Konstituzionalak aintzat hartuko ote duen jakin zain gaudela gogora ekarri nahi dugu auzipetuek, baita beste askok ere, egindako lan politikoari esker lortu duela ezker abertzaleak dagoen tokira iristea. Egia da ez garela herri honen askatasun egunera oraingoz iritsi, baina zalantzatan dagoenari ariketa bat proposatuko diot; konparatu dezagun non geunden orain dela lau urte eta non gauden orain, zein zen Estatuen marjina politikoa 2010ean eta zein gaur.
Nire ustez, balantzeak ez du dudarik uzten: gabeziak gabezia (eta asko dira) inoizko potentzialitaterik handiena duen egoeran gaude, bai prozesuari bai gure proiektu politiko estrategikoari dagokionez, eta hori guztia gertatu da bere momentuan ezker abertzaleak jakin zuelako bere norabidean beharrezkoak ziren moldaketak egiten, historikoki bilatu dituen helburuei heltzen jarraitzeko.
Erronka ez da nolanahikoa, baina bestetik aurrean dugun Estatu espainola inoiz izan den estaturik ahulena da, krisi hirukoitza pairatzen duena: lurralde eta ekonomia ereduari dagokiona; eta krisi ideologiko-kulturala. Estatuak ez dauka eskaintzarik herri honentzat, soilik errepresioa, autonomia murriztua eta eskubide sozialen ezabapena. Testuinguru horretan ezker abertzaleak aldebakartasunaren tresnari eusten jarraitzeko erronka du; batetik, gatazkaren ondorioen humanizazioa bilatzen, lehenik eta behin salbuespen legediarekin amaitzeko, gaixotasun larria duten presoak etxera ekartzeko eta presoak oro har Euskal Herriratzeko. Prozesu klabean beharrezkoak diren aurrerapenei begira azken urteotan oso urrats garrantzitsuak egin ditu ezker abertzaleak biktima guztienganako begirunezko jarrera autokritikoa dela (bakarrak gara hori egin dugunak) edo alde bateko indarkeriarik eza eta gure aurkako errepresioarekiko erantzun molde berriak kasu. Errepresioan eta blokeo saiakeran tematzen den estatuaren aurrean, marko demokratikoaren mesedetan arituko den gizarte mailako metaketa zabala herritarrekin arituz, konfrontazio demokratikoaren parametroetan aurrera egiteko aukera dugu eta egin beharko dugu.
Oraingo gure posizio indartsua, determinazioa eta grina azken urteetan egindako ariketa politiko ausartari zor diogu, jende multzo militante, abertzale eta ezkertiarra aurrera ateratzen jakin duena, eta guztien artean aitzindaritzan Bateraguneko bostak edota gazte independentista errepresaliatuak dauzkagu.
Zuen meritua da, inongo dudarik gabe, besteak beste; eta horregatik behin eta berriro ere aukera aprobetxatu beharra dago zuen askatasuna eskatzeko; pertsekuzio, epaiketa eta preso politikorik behingoan egon ez dadin berriro ere exijitzeko.