Otegi eta Eguiguren, lana eta lidergoa
Arnaldo Otegik eta Jesus Eguigurenek duela hamarkada bat, Elgoibarko baserri galdu batean, abiatu zuten bideari saria eman dio Gernikako Udalak, bonbardaketaren 76. urteurrenean. Itxaropentsua egingo zaio askori albistea; bien alabek hartu izanak ederki biltzen du etorkizun hobe baten esperantza. Beste batzuentzat, ordea, nonbait kontraesankorra izan liteke, eta ulergarria da hori ere, Txillarren ereindako hazia oraindik ez baita guztiz hazi eta loratu. Hala ere, bidearen amaierara iristeko komenigarria da bidearen emankortasuna agerian uztea ere, eta horregatik txalotzekoa da atzoko ekitaldia.
Ezker abertzaleko agintariak zein PSEkoak egindako lanak ondo merezia du ospakizuna, beren etxe barruan eta kanpoan ahaleginak biderkatu dituztelako, iparrorratza konponbidea izanik. Lidergoa erakutsi dutela ukaezina da. Baina Otegik eta Eguigurenek ez dituzte emaitza berberak eskuratu. Lehenak, Gerry Adamsek atzoko mezuan esan zuen bezala, beste agertoki bat «amestu eta marraztu» zuen hainbat lagunekin batera, eta bide hori bere egin du ezker abertzaleak, gogotsu. Eguigurenen amets eta marrazkietatik, ordea, oso aldenduta agertzen dira oraindik atzoko ekitaldian PSEko presidenteak goraipatu zituen Alfredo Perez Rubalcaba edota Patxi Lopez. Sariak ezin du errealitate hori ezkutatu. Konpontzen laguntzeko balio beza!