GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Azalak eta azalak (I)

 

Britainia Handiko egunkari batek ingeles literaturako azalen inguruko erreportaje sorta bat kaleratzeari ekin zion duela hilabete batzuk. Horietako batean aipatutako literaturako azalik onenak zituen mintzagai; beste batean edizio ingelesa estatubatuarrarekin konparatzen zuen, eta irakurleei diseinu onena hautatzeko eskatzen zien. Erreportaje sortako azken aleak, berriz, ingeles literaturako azalik txarrenen zerrenda zekarren. Ez dakit gurean antzeko ohitura zabalduko ote den. Iban Zalduak, behintzat, ate bat ireki dio aukera horri bere blogean euskal literaturako azalik txarrenen zerrenda osatuta. Horrelakoetan, batek espero du aspaldiko liburuak topatzea, urteekin diseinu kontuetan hoberantz egin dela/dugula uste izatekoa baita. (Ingeles literaturako azalik txarrenen kasuan hala zen behintzat). Zalduaren zerrendan, baina, ez hain aspaldiko liburuak agertzen ziren.

Are gehiago, horietako bat argitalpen berri-berria da, Lourdes Oñederraren «Intemperies» (babes bila). Nobela oraindik irakurri ez badut ere, iruditzen zait azalak ez duela barruko edukia irudikatzen. Kontrakoa, Zalduak esaten duen bezala, goi-mailako literaturako liburu baten aurrean gaudela adierazi beharrean, Danielle Steel-en moldeko nobela erromantikoaren kutsua du azalak. Agian editoreek propio nahi izan dute irakurlea nahastu, liburuarentzat irakurle kopuru zabalagoa ziurtatzearren. Tamalez, ez dut uste hain estrategia elaboratuaren emaitza denik txakurra aurrean hondartzan oinez dabilen keinu malenkoniatsuko emakumedun azala. Idazleak berak liburu aurkezpenean editoreari luzatu zion galderak hala adierazten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo