Bostoneko atentatuak Irakekin alderatzetik, espetxera Madrilen
Auzitegi Nazional espainoleko Santiago Pedraz epaileak asteartean Zaragozan eta Murtzian «terrorista islamistak» izatea egotzita atxilotu zituzten bi pertsonetako bat kartzelatu eta bestea aske utzi zuen. Barne ministroak Bostongo atxilotuen profil bera zutela argudiatu zuen.
GARA |
Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak asteartean atxilotuetariko bat espetxeratzeko agindua eman zuen «Al Qaedako kidea» izatea leporatuta. Zaragozan atxilotu zuten Nouh Mediouni, 23 urtekoa aljeriarra.
Atxilotuak Facebook-en idatziriko zenbait mezu erabili zituen argudio gisa epaileak espetxeratze agindua emateko. Antza, Bostongo atentatuen biharamunean idatzirikoa nabarmendu du Pedrazek froga gisa. «Orain sentitzen ari zarena Afganistaneko, Myanmarreko edo Irakeko umeek sentitzen dutena da», esan omen zuen.
Interneten hau idaztea ere egotzi zion: «Errusiak eta Txinak Sirian hiltzen gaituzte. Frantziak Malin. Ameriketako Estatu Batuek Yemenen, Afganistanen eta Iraken. Israelek Palestinan hiltzen gaitu. Eta oraindik ere mujahidinak terroristak direla dioten musulmanak daude!». Gehitu zuenez, etxearen miaketan, besteak beste, Bin Ladenen argazkiak, Sahelen egindako atentatuen eta Irailaren 11ko irudiak zituzten gailu elektronikoak topatu zituzten.
«Aljeriara joan zen, Sahel zonaldeko guneren batera, Magreb Islamikoko Al Qaeda deritzan talde terroristaren entrenamendu zentro batean aritzeko, baina ez zuen bere helburua lortu», plazaratu zuen. Mediounik Aljeriara joan zela aitortu zuela baina saiakera horrek porrot egin ostean «postulatu jihadistak» alde batera utzi zituela esan zuen Pedrazek epaian.
Era berean, haren sakelako telefonoan Nigerren bi frantsesen bahiketa eta heriotzarekin zerikusia omen zuten bi pertsonak satelite bidezko telefonoetatik bidalitako mezuak aurkitu zituztela argudiatu zuen.
Nouh Mediouniren aitak semearen errugabetasuna defendatu zuen Auzitegi Nazionalean. «Oso ondo ezagutzen dut eta ez da inurri bat edo untxi bat hiltzeko gai. Nolatan hilko du ba pertsona bat? Ez da `otso bakarti' bat. Nire semeak ez du zerikusirik honekin. Pertsona lasaia da, etxean egon ohi da eta ez da gehiegi ateratzen kalera. Sekula ez da Malira joan», nabarmendu zuen epaitegiaren sarreran eginiko adierazpenetan.
Pedrazek bigarren atxilotua, Hassan El Jaauani marokoarra, baldintzapean aske utzi zuen. Hamabost egunetik behin epailearengana joan beharko du, pasaportea kendu diote eta ezingo du Estatu espainoletik atera. Bere aurka froga nahikorik ez dagoela adierazi zuen.
Polizia operazioaren egunean, Barne ministro espainolak, Jorge Fernandez Diazek, Bostoneko atentatuen egileak izatea leporatuta atxilotu zituzten bi anaia txetxeniarren profil bera dutela nabarmendu zuen.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainolaren hitzetan, asteartean atxilotutakoak «otso bakartiak dira, Mohamed Merahren edo Bostoneko bi anaia txetxeniarren antzera».