GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ernai gazte antolakundearen web orria ixteko agindu du Eloy Velasco epaileak

«Terrorismoa goraipatzea» leporatuta, Ernai gazte antolakundearen web orria ixteko agindu zuen Eloy Velasco Auzitegi Nazional espainoleko epaileak. Ernaik Madrilek eta Parisek gatazkaren konponbidearen aurka egin duten apustuaren baitakotzat jo zuen erabaki hau.

GARA |

Auzitegi Nazional espainoleko epaile Eloy Velascok Ernai gazte antolakundearen web orria ixteko agindu zuen atzo plazaraturiko auto batean. Web orrian Xabier Lopez Peña omendu zutela nabarmentzen du Velascok eta «terrorismoa goratzea» delitua leporatzen dio. Horrekin batera, web orriaren arduradun Aitor Ortuondo maiatzaren 9an inputatu gisa deklaratzera deitu du.

Velasco epaileak Polizia espainolaren Nafarroako Goi Buruzagitzari eta Informazio Brigadari web orria indargabetzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko agindu die.

Fiskalak asteazkenean eskatu zien Ernairen web orria ixteko eta Velascok eskaerarekin bat egin zuen atzo. Web orriaren administratzaileari, domeinua erregistratu zuen enpresari eta zerbitzariari zuzendu zitzaien epailea.

Atzo plazaratu zuen autoan, «kaltegarriak eta delituzkoak» diren web orriak Internetetik ezabatzeko doktrina aipatzen du epaileak. Lopez Peña goraipatzeak multzo honetan kokatzen du Ernairen orria, Velascoren esanetan. «Delituak aurrera egin ez dezan», epaileak Ernairen web orria Internetetik ezabatzeko agindu du, bertara eramaten duten loturak blokeatuz.

«Espainiako Gobernua konponbide prozesua blokeo egoeran mantentzeko ahal duen guztia egiten ari da. Iraganeko garaien eta errezeten yonkiak dira Rajoy eta enparauak. Euskal jendarteak gatazka behin betiko konpontzeko urrats positiboak exijitzen dituen bitartean, Madrilen eta Parisen beste aldera begira jarraitzeko hautua egin dute», erantzun zion Ernaik Eloy Velasco epailearen erabakiari, gazteria antolatzen eta borrokatzen segituko duela nabarmenduz.

lopez peña

Web orrian Xabier Lopez Peñaren heriotza salatzeagatik «terrorismoa goratzea» leporatzen dio Velascok Ernai antolakundeari. Ondorioz, orria ixteko agindu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo