eh jaietan | Lazkao
Euskararen alde lan egin dutenei esker ona Lazkaon San Prudentzio jaietan
San Benito ikastolak eta Maizpide euskaltegiak 50 eta 25 urte bete dituzte aurten, hurrenez hurren. Txupinazoan protagonista izan ziren, egindako lanaren aitorpen gisa, eurek jaurti baitzuten suziria.
GARA | DONOSTIA
Euskararen alde urteetan lanean aritu direla-eta, San Benito ikastolak eta Maizpide euskaltegiak izan zuten atzo leku nagusia Lazkaoko San Prudentzio jaiei hasiera emateko jaurti zen txupinazoan. Egun gozoak dira bi erakunde hauentzat; izan ere, lehenak 50 urte betetzen ditu sortu zenetik eta bigarrenak, 25. Hain zuzen, bi urteurren horiek betetzen direla aprobetxatuz irakurri zuten pregoia. Besteak beste, hastapenak oroitu zituzten; hala nola frankismoan eta ondorengo urteetan euskara irakasteko gainditutako zailtasunak.
Orain dela bi urte erabaki zuten Lazkaon pregoia herriko pertsonaia, elkarte edo eragile ezagun baten eskuetan uztea, antolatzaileek GARAri adierazi ziotenez.
Ekitaldia biribiltzeko gainera, Oin Arin dantza taldeak Pantxoa eta Peioren «Plazara» abestiaren -ikastoletako ereserki gisa ezaguna- doinuan dantzatu zuten. Abesti hori nolabaiteko tradizioa da jaien hasieran, eta urtero entzuten da, bertsio ezberdinetan landua. Atzo, musika eskolakoek jo zuten: trikiti, pandero eta kutxarekin. Iaz, adibidez, tronpetarekin interpretatu zuten.
Udalak euskararen erabileraren aldeko mezua indartu eta zabaltzeko abesti apropostzat jotzen du Pantxoa eta Peioren abestia, euskaraz bizitzeko hautua ondo islatzen duelako.
Lazkaotik Lazkaomendira
Eguraldia txarra zela-eta, suziria udaletxeko balkoitik jaurti beharrean frontoitik bota zuten. Asteburuan eguraldi kaskarra iragarrita dagoen arren, festa giroa izango da asteazken arte.
Inauteri garai joana bada ere, armairuan gordetako mozorroak aterako dituzte lazkaotarrek gaur mozorroaren eguna behar bezala ospatzeko. Atzetik etorriko dira, San Prudentzio eguna, haurren eguna eta kuadrillen eguna.
Kontuan hartzekoa izango da, era berean, Herrira, Sortu eta Gazte Asanbladak txosnagunean antolatu duten programa. Herri bazkaria, umeentzat ginkana eta kontzertuak eskainiko dira, besteak beste.
Programa osoaren xehetasunak, baita Lazkaomendiko jaienak ere, lazkaotarrok.org gunean daude kontsultagai.