GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA Eguraldian aditua

Maiatza Maia

Data seinalatu honetan, urtearen eta egun luzeenaren gorabidean, uda partearen abiera
ospatzen zuten

Beti izan du erakarmena maiatzak. Aspaldiko kulturetan, kristau kulturen arras aurretik alegia, herenegungo maiatz-lehenak tradizio ikusgarria, sekulakoa, izan du Europako lurretan eta, batez ere, han Iparralde goiko lurraldeetan. Maiatz-lehen horrixe begira atera zuen Rambaut Vaqueirako kantariak bere abesti ezagunena, «Kalenda Maia» deritzana. Vaqueirako gazteluan jaio zen Rambaut hau, Proventza aldean. Zalduna izan zen eta juglare. 1180-1205. urte inguru horretan abestu omen zuen berak, eta gaztelu zein enparantzetan zabaldu.

«Kalenda Maia» deritzan poema hau luze doa, era guztietako gaiak ukitzen dituela, maitasun kontuak tartean. Hasieratik beretik, maiatz-lehenarekin lotua ageri da (itzulirik, honelatsu): «Maiatz-lehena, pago zarbatxoak, xoriñoen kantak, krabelin loreak: ezertxo ere ez dut gogoko, nire dama noblea...».

Zer ospatzen zuten data seinalatu honetan? Urtearen, eta egun luzeenaren gorabidean, uda partearen abiera. Naturaren baliabideen arabera bizi zirenez, eta hartara mugitzen, sasoi hauxe zuten neguko bizilekua utzi eta, sendi osoak batera, artalde eta aziendekin, larre bila joateko, harik eta larrazkenean neguko bizitokietara itzuliko ziren artean.

Horregatik, agur eta despedidetako garaia zen, batetik, sendien lokarriak estutzeko; eta, bestetik, naturaren edertasun zabalero neurrigabekoa ospatzeko, mendi eta muino kaskoetan su eder handiak piztuz... Guk San Joan gauez bezala, haiek apirilaren 30 gauean, egundoko sutzarrak pizten zituzten, inguruko bailara eta herriei berri argia seinalatuz. Zer ospatzeko? Hara hemen arrazoi bitxia: ama lurra, berritzen eta berpizten doana, hostoz eta margoz janzten, edertzen eta apaintzen, ezin dela etxe nahiz tenplu baten barruan ospatu, ezin dela, alegia, toki itxi estuan gurtu; librean behar duela; zenbat eta zabalagoan, solteagoan eta denen bistarago, orduan eta hobeto.

Noski, bizitokiz aldatze honek denak bazituen berekin hainbat alderdi: sendi eta familia batzuk elkartuago eta bizipen politikoak lazatzeko aukera zuten, batetik; baita ibilian-ibilian, trebeagoen agintaritza probatzeko aukera ere; eta, noski, nola ez, bizikidetza berrien aukerak, bikote berriak probatzekoak eta... baziren familiak, neguan honekin eta honela, eta uda luzeagoan, beste honekin eta hala, bizitzen zekitenak...

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo