GARA > Idatzia > Kultura

«Jendeak ez du uste horrelako istorio batean umorea izan daitekeenik»

p042_f02.jpg

Jorge Gil Munarriz

Zinema Zuzendaria

Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko kideetako bat da 2006tik Donostian bizi den legazpiar hau (1981). Duela bi urte «Malkoa» film laburrarekin Lekeitioko Zinema Bileran saria jaso ostean, «El método Arrieta» du lehen film luzea, Donostiako XI. Giza Eskubideen Zinemaldiko lanik onena.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostiako Giza Eskubideen XI. Zinemaldiaren baitan aurkeztu zuen Jorge Gil Munarrizek «El método Arrieta» dokumentala, bere lehen lan luzea. Publikoaren saria eskuratu zuen, 9,22 punturekin emaitzarik onena lortuta. Filmak Mentxu eta Lourdes Arrieta ahizpen bizitzaren berri ematen du. Gaitz baten ondorioz mugitzeko eta komunikatzeko arazoak dituzte txikitatik, eta munduarekin komunikatzeko sistema bat garatu dute.

Asteazkenean estreinatu zen filma zinema aretoetan, eta ordutik dei ugari jasotzen ari da zuzendaria. Tarte bat egin digu «El método Arrieta»-ri buruz hitz egiteko.

Istorio latza kontatzen duzu, trabaz betea baina mezu positiboa duena.

Nire esperientziaren arabera, muga fisikoei buruz hitz egiten duzunean jendearen erreakzioa iragartzea ezinezkoa da. Batzuei oso dramatikoa iruditzen zaie. Hala ere, jendeak filmari aukera bat ematen badio, uste dut jendeak dibertitzeko aukera izango duela, sentimenduak bizitzeko. Jendeak barre ere egiten du pelikula ikustean, eta hori fenomeno kuriosoa da; banekien umorea egongo zela, etxe horretan berezko vis comica dagoelako. Ez nuen espero, ordea, hainbeste barre entzutea. Adibidez, apirilaren 20ko emanaldian, aurkezpenean, deigarria egin zitzaidan.

Atzoko estreinaldi ofizialean `infiltratu' batzuk nituen publiko artean eta esan didate jendeak barre egin zuela, eta hori pozgarria da. Jende askok ez du uste horrelako istorio baten atzean umorea egon daitekeenik. Drama bat dago, baina bizitzeko gogoa ere bai.

Mentxu eta Lourdes ahizpen izaerak zerikusia izan du, beraz.

Beraiek ematen diote bizitza dokumentalari. Banekien beraiek bi `bonba' zirela, baina ezjakintasunagatik-edo, ez nuen espero horrelako egoera fisikoan dauden bi pertsonak bizitzarekiko hainbesteko adeitasuna erakustea. Banekien ezaugarri hori ikuslearentzat ezustekoa izango zela, ezusteko atsegin bat.

Oso emakume alaiak dira, ezta?

Filma ikusten dutenek esaten didate beti barrez daudela. Egia da jarrera positiboa dutela, baina beraiek esaten dute ez daudela horrela beti. Etapa gogorragoak pasatu dituzte, beste batzuk hobeak... uste dut guk oso une onean harrapatu ditugula. Azken finean, nahiz eta euren gaitzak bizitza markatu dien, beste pertsonekin alderatuta ez da oso desberdina. Esaten dute ez dutela sekretu berezirik. Jendeak meritua dutela esaten dietenean, erantzuten dute edonork ekingo liokeela aurrera. Ezin zara beti negarrez egon, irtenbide bat bilatu behar diozu egoerari. Ez dute euren burua apartekotzat jotzen, pertsona arruntak direla uste dute, esaten dute ez dagoela normala den inor.

Nola izan zenuen istorio honen berri?

Kasualitatez. Beraien bloga topatu nuen «El metodo Arrieta» izenekoa, eta beraien biografia irakurri nuen. Ikusi nuen egoera horretan egon arren gauza dezente egiten zituztela (flamenkoa, klowna...) eta blogaren izenaren zergatiak jakinmina sortu zidan. Gero deskubritu nuen begiekin mugimenduak egitean oinarritzen den sistema komunikatiboarena, niretzat hori izan zen deigarriena. Horrela hasi zen dena, duela hiru urte eta erdi.

Eta filmazioari ekin zenioten orduan?

Gaia zein izango zen argi genuen: komunikazioa. Baina ez genekien nola egingo genuen. Behaketan oinarritutako lan bat egin nahi genuela erabaki genuen. Guk beraien bizitzan sartu behar genuen, beraiekin denbora pasatu behar genuen, komunikazio aldetik egoera desberdinetan nola moldatzen diren ikusi behar genuen eta material guzti horrekin dokumentala egin. Horrek suposatzen zuen elkar ezagutu behar genuela, etxeko ateak zabaldu eta euren familia eta lagunekin harremanetan jarri behar genuela. Ordu asko eman ditugu elkarrekin. Hamar ordu inguru filmatu genituen, baina filmatu ez ditugunak askoz gehiago dira. Elkarbizitza horretan profesionaltasunaren marra gurutzatu eta lagunak egin ginen. Imajinatu zein punturaino, `Jorge Arrieta' deitzen didatela.

Zein prozesu jarraitu zenuten?

Batetik, nigan konfiantza izan behar zuten, eta bestetik kameretara ohitu behar zuten. Hiru hilabetera hasi ginen filmatzen, naturaltasun aldetik nola moldatzen ziren ikusteko. Hori garrantzitsua zen ikusleari etxe horren barruan dagoela sentiarazteko, ez kamerarik ez pantailarik ez dagoela sentiarazteko.

Niretzat oso esperientzia aberasgarria izan da, orain arte ez dudalako halako arazorik duten pertsonekin harremanetan jartzeko aukerarik izan. Nobedaderik handiena izan da nobedaderik ez dagoela; euren egoera fisikoa desberdina izan daiteke, baina beraien eta beste pertsona baten artean ez dago diferentziarik. Nahiak, ametsak, ilusioak berdinak dira.

Zer esan zizuten Arrieta ahizpek Giza Eskubideen Zinema Jaialdiko sari nagusia eskuratzean?

Oso hunkituta zeuden, beraientzat amets baten parekoa izan zen. «Eskerrik asko, eskerrik asko eta eskerrik asko» esaten zidaten. Oso pozik zeuden beraien istorio partikularra kontatzen dudalako. Metodoari oihartzuna emateko borrokan aritu dira beti; beraz, beraien alde apustu egiteagatik eskerrak ematen zizkidaten. Nik beraiei mesede bat egin diet, baina beraiek niri ere bai, etxe horretan istorio emozional bat kontatzeko aukera ikusi nuelako. Beraiek erreminta asko eman didate istorio on bat ezagutarazteko.

Non ikus dezakegu filma hemendik aurrera?

Guretzat inportantea zen Giza Eskubideen Jaialdiko txanpa aprobetxatzea, ikusi genuelako emanaldiak oso ondo funtzionatu zuela; sarrerak agortu egin ziren. Ikusmina bazegoen, beraz. Orain, Donostian, Gasteizen, Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan ikus daiteke. Nik uste dut Donostian (Principe zineman) bizitza izan dezakeela filmak eta hiru astez egon daitekeela ikusgai. Pentsatzen dut sariaren kontuak lagunduko duela, baina ez dakit zein neurriraino. Publizitatea egiteko baliabiderik ez daukagu; beraz, pelikula ikusten dutenei esaten diet gustatu bazaie ezagunei gomendatzeko. Kontua zaila dago guztientzat, are gehiago baliabide eskasekin egindako dokumental txiki batentzat.

Ikusiko dugu zer moduz doan... Oraindik ez dakigu zer nolako harrera ari den izaten. Astelehenean izango ditugu lehenengo emaitzak, baina Twitter bidez irakurri ditut iritziak eta jendeari gustatzen ari zaio.

Zer-nolakoa da Moriarti ekoizpen etxearekin lanean aritzea?

Konfiantza osoa eman dit. Lantaldean oinarritzen da dena, eta nahiz eta istorio eroa izan, beti izan dut laguntza. Proposamenak bazituen bere mugak: komunikatzeko arazoak dituzten bi pertsona, eszenatoki berberetan mugitzen direnak.

Ekoizpen etxean pertsona gutxi gara, baina etengabe ari gara proiektuak garatzen. Oinarrian duguna denon arteko konfiantza da. Denetik egiten dugu: gidoiak idatzi ditut, zuzendari laguntzailea izan naiz, beste proiektu batzuk garatu ditut, bideo instituzionalak egin ditut... Saiatzen gara ikusleak harritzen, gure proposamenek beti dute arrisku puntu bat eta hori ikusleek eskertu egiten dute. Saiatzen gara, hala ere, sentsibilitate puntu bat jartzen. Normala denaz harago joaten saiatzen gara, bestela ikusleak ez dituzu etxetik mugitzen. Jon Garañoren «80 egunean» filmak, adibidez, 60 urteko emakumeen lesbianismoa jorratzen du.

 
LAGUNAK

«Profesionaltasuna-ren marra gurutzatu eta lagunak egin ginen. Orain `Jorge Arrieta' deitzen didate»

BERDINTASUNA

«Nobedaderik handiena izan da nobedaderik ez dagoela; egoera fisikoa desberdina den arren, ez dago desberdintasunik»

EZOHIKOA

«Normala den horretatik harago joaten ahalegintzen gara ohi gara, bestela ez duzu lortzen ikusleak etxetik mugitzea»

Estreno

Dirección: Andrew Stanton y Lee Unkrich.

País: EE.UU., 2003.

Duración: 100 minutos.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo