ESKALADA Bigarren sailkatuak
Ekaitz Maiz eta Antton Zabala ia irabazle Ifacheko Rallyan
Andoni ARABAOLAZA
FEDMEk antolatutako Eskalada Rallyen Ligak beste hitzordu bat izan du. Apirilaren 27an jokatu zen Peñon de Ifachen. Eta aurreko proban bezala, Terradetsekoan, euskal ordezkariak lehiatu ziren. Zehazkiago esanda, soilik sokada batek hartu zuen parte; hots, Ekaitz Maiz eta Antton Zabalak osatutakoa.
Guztira, hamabost sokada izan ziren Peñon de Ifacheko hamabi orduko Rallyaren irteera puntuan. Bazirudien aurreko eguneko zein lehia eguneko bertako euri-jasek lehiaketa bertan behera utziko zutela, baina, zorionez, jokatzeko aukera izan zuten.
Bigarren
Bi orduko atzerapenarekin, goizeko hamarretan, hasi zen lehia. «Etxeko» talde bat, Chimo Pineda eta Adrian Ripollek osatua, nagusitu zen. Eta bigarren euskal ordezkariak izan ziren: Maiz eta Zabala. Hori bai, bi sokadek puntutan berdindu zuten, baina lehenengoak metro gehiago eskalatu zituen. Gogora dezagun hiru probetatik euskaldunek bat irabazi eta azken honetan bigarren sailkatu direla. Azken hitzordua Riglosen izango da, hilaren 18an.
Ekaitz Maiz eta Antton Zabala bigarren sailkatu ziren Peñon de Ifacheko Rallyan. Irabazleekin puntuetan berdindu zuten.
Espainiako Eskalada Txapelketan, gazteen mailan, 70 lehiakidek hartu zuten parte. Tartean euskal ordezkariak izan ziren.
16 urtez azpikoen mailan, Mikel Linazisoro bigarren postuan sailkatu zen. Postu bera eskuratu zuen Ibai Isusik, baina 20 urtez azpikoetan.