KIROL ESKALADA Lehen hitzordua
Bi podium euskal gazteentzat Espainiako Eskalada Txapelketan
FEDMEk antolatutako gazte mailako hitzordu garrantzitsuenean 70 eskalatzailek hartu zuten parte, eta EMFko bi ordezkarik, Mikel Linazisorok eta Ibai Isusik, bigarren postuak erdietsi zituzten. Euskal ordezkari asko sartu ziren finalean.
Andoni ARABAOLAZA
Eskaladako zailtasuneko probetan ibiltzen diren gazteek hitzordu garrantzitsua izan dute. Apirilaren 27an, Espainiako Eskalada Txapelketa jokatu zen, Bartzelonan; hain zuzen ere, gazteen mailan: 16, 18 eta 20 urtez azpiko mailak. Guztira, 70 eskalatzaile lehiatu ziren, eta tartean ziren euskal ordezkariak ere.
Patxi Arozenak eta Carlos Garciak antolatutako bideetan lehia ederrak ikusteko aukera izan ziren. Oro har, gazteek erakutsi dute maila bikaina dutela. Horren isla da 16 urtez azpikoen mutilen finalean gertatutakoa: lau lehiakide katera iritsi ziren.
Euskal ordezkariei dagokienez, azpimarratzekoa da Mikel Linazisorok eta Ibai Isusik zilarra lortu izana; lehena, 16 urtez azpikoen mailan, eta bigarrena, 20 urtez azpikoan. Horretaz gain, euskal gazte asko sartu ziren finalean.
Maila ederra
Aipatu dugun bezala, 16 urtez azpikoen mailan Linazisoro bigarrena izan zen. Finalean katera heldu zen, baina ezarritako denboratik kanpo. Andoni eta Bittor Esparta anaiak, berriz, bosgarren eta seigarren sailkatu ziren. Nesken mailan, Andrea de Goñik zazpigarren postua eskuratu zuen eta Arantxa Ruiz de Larramendik, zortzigarrena.
18 urtez azpikoen mailan, euskal ordezkari batek, Ane Ugartemendiak, finalera pasatzeko aukera izan zuen. Nahiz eta gogor lehiatu, azkenean laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Mutiletan ere bi finalista izan genituen. Mikel Inorizak bosgarren postua lortu zuen, eta Gorka Ruizek, seigarrena. Hori bai, azken horrek beste hiru lehiakiderekin berdindu zuen.
Azkenik, 20 urtez azpikoen ordezkariei dagokienez, Mutilen mailan zilarrezko bigarren lorpena iritsi zen, betiere Isusiren eskutik. Podiumetik gertu ibili zena Mikel Madinabeitia izan zen; laugarren sailkatu zen. Nesketan, berriz, beste hiru ordezkarik finalean sartzeko aukera izan zuten. Miriam Mulasek, adibidez, laugarren postua eskuratu zuen, Jone Garmendiak, bosgarrena, eta Garazi Platero, zazpigarren lekuan geratu zen.
Hurrengo hitzordua Espainiako Kopa izango dute.