GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

EVEREST Gertakari tamalgarria

«Bakea» hitzartu eta etxera itzuli dira sherpek jipoitutako Griffith, Steck eta Moro

Pasa den apirilaren 27an, Jon Griffith, Ueli Steck eta Simone Moro jipoitu egin zituzten Everesteko ohiko bidea ekipatzen ari ziren sherpek, eta heriotza mehatxuak ere jaso zituzten. Espedizioa bertan behera utzi dute.

p041_f01_199x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Aurreko kronika batean aipatzen genizuen Everest mendiak, beste behin, protagonismo berezia hartuko zuela. Alde batera uzten genuen montzoi aurreko denboraldi hasiberri honetan zortzimilakoaren magaletan ematen den ohiko ikuskizuna, eta, hala, soilik helburu interesgarriei egingo geniela aipamen gehitzen genuen. Zoritxarrez, gure asmoa albo batera utzi beharra dugu, pasa den apirilaren 27an gertaera oso gaiztoa izan zelako hego isurialdeko ohiko bidearen bigarren eta hirugarren kanpalekuetan. Aitortu behar dugu soilik alde baten berri zuzena dugula; bestearena, aldiz, oraindik (ez dakigu emango duten) ez da iritsi.

Alexei Bolotov eta Denis Urubko hego-mendebaldean zabaldu nahi duten bidean buru-belarri lanean ari ziren bitartean, Jon Griffith, Ueli Steck eta Simone Morok osatutako taldea girora egokitzen ari zen zortzimilakoaren bide klasikoan. Hirukoak ez zuen bere helburuaren berri eman, baina, bederen, sasoi puntu egokienaren bila zebilen. Horretan zirela, ia hirugarren kanpalekuan, soka finkoa jartzen ari ziren sherpekin egin zuten topo. Nahiz eta beste urrats batetik joan eta soka finko hori ez ukitu, sherpek, oso haserre, europarrak eraso zituzten. Eraso hori are eta bortitzagoa bilakatu zen bigarren kanpalekuan; izan ere, jipoiak eta heriotza mehatxuak jaso zituzten.

Sherpen aldetik apenas jaso den informaziorik; aipatutako alpinistetako batek euren kide bat zauritu zuela soilik esan dute. Gertatutakoaren ondoren, Nepalgo agintariek hiru sherpa identifikatu eta menditik bota dituzte. Hitz gutxitan, horixe da gertakariaren laburpena.

«Bakea» sinatu

Behin kanpaleku nagusian, jazoeran parte hartu zuten protagonistek, 60 alpinistatik gorako talde batek eta gertakarian parte hartu ez zuten hainbat sherpek bilera egin zuten. Batzarraren ondoren, bi puntuko agiria kaleratu zuten. Batetik, gertaeran inplikatutakoek onartu dute kale egin zutela eta barkamena eskatu diote elkarri. Eta bestetik, han bildutakoek hitza eman dute horrelako jazoerak berriz ere ez errepikatzeko. Nahiz eta «bakea» sinatu, Griffith, Steck eta Morok osatutako taldeak bertan behera utzi du Everesteko espedizioa. Moro berak honakoa adierazi du: «Badirudi ez dela ezer pasa, baina nik ezin du ahaztu. 48 ordu pasa dira eta ez dut ez indarrik ez motibaziorik espedizioarekin jarraitzeko. Erasoan parte hartu zuten guztiak besarkatu ditut. Ez da erraza izan, baina besarkatu ditut».

Italiarrak zein bere kideek argi utzi dute Everesteko magaletan bizitakoa latza izan zela oso: «Hirugarren kanpalekuan soilik hiruzpalau sherpa oldartu zitzaizkigun. Bigarren kanpalekuan, berriz, ehun baino gehiago. Ez da txantxa bat izan, ez dut esajeratzen: mirari batengatik atera gara bizirik. Benetako drama bat gertatzetik gertu egon ginen. Eskerrak inguru hartan zeuden hainbat alpinista eta sherpa gu laguntzera hurbildu zirela. Oso eraso bortitza izan zen».

eraso larria

Jon Griffith, Ueli Steck eta Simone Moro alpinista ezagunek eraso latza eta heriotza mehatxuak jaso zituzten Everesteko magaletan ohiko bidea ekipatzen ari ziren sherpa batzuen aldetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo