GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Airekoa, olatutik kanpo surf egin daitekeela frogatu zutenen ariketa kuttuna

Hegoafrikako «apartheid» sistemak bi surflari aurrez aurre jarri zituen: Shaun Tomson eta Martin Potter. Surflarion jarraitzaileak ere bitan banatu ziren: airekoak gustuko zituztenak eta haurrentzako ariketa zela ziotenak. Historia labur bezain esanguratsua du ariketa madarikatuak.

p044_f04_148x112.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Airekoa ikusgarria da, baina ez da beti guztien gustuko ariketa izan. Hastapenetan, haur jolasa zela zioten. Ostean, lehiaketa maite ez zuten surflari marjinalen identitate zeinu bilakatu zen. Egun prestigioa duen ariketa honek ibilbide labur baina zurrunbilotsua izan du.

Lehen airekoak

XX. mendeko 50eko hamarkadan, surflariak airean ateratzen ziren Makahako olatuetan. Urertzera iristean, taula eta guzti egiten zuten salto olatuaren gibelera, baina hura ez zen egun ezagutzen dugun aireko mota. Alegia, airean ateratzen ziren, baina ez ziren olatura itzultzen.

Jarraian, 60ko eta 70eko hamarkadetan, bi lemako taula txikiaren etorrerarekin, taula osorik atera eta olatura itzultzen zen surflaririk izan zen, baina surflari haien asmoa ez zen aireko bat egitea. Olatuaren gainaldera igo eta berriz olatuaren magalera itzultzea zuten xede, baina, batzuetan, abiadurak lagunduta, taula osorik ateratzen zuten.

Garai berean, skatearekin igerilekuetan ibiltzen hasiak ziren eta gauza bera gertatzen zen: skatearen lau gurpilak atera eta berriz ere igerilekuko maldan behera itzultzen ziren. Pixkanaka igerilekuaren ertzean egiten zuten itzulia aireko bilakatu zen; beraz, surfean ere ariketa hura antzeztea denbora kontua baino ez zen.

Kevin Reed Santa Cruzko surflariak airekoak egiten lehena bera izan zela dio, eta, froga moduan, 1975eko abenduan «Surfing» aldizkariko azalean argitaratu zuten argazkia erakusten du. Argazkia ikusita, noski, ez dago aireko hura jaitsi eta jarraitu zuen jakiterik, baina, hala ere, Kevinek aitzindaritzat du bere burua.

Olatuaren gandorra gainditu eta surflaria airean ateratzen ikustea ohikoa zen, baina, aldiz, berriz ere olatura itzuli eta surf egiten jarraitzea ia ezinezkotzat jotzen zuen askok. Martin Potter Pottz gazteak egin zuen eta 1984ko uztailean «Surfing» aldizkariak kaleratu zuen zenbakiko portadan argitaratu zuten momentu historiko hura. Lehen airekoa zen.

Old and New School

Martin Potter hegoafrikarrak 15 urte baino ez zituen txapelketa profesionaletan parte hartzen hasi zenean. 1984ko munduko zirkuituan lehian ari zela ordura arte inork ikusi ez zuen zerbait egin zuen, argazkian hartu zuten lehen airekoa.

Hurrengo urtean, 1985ean, Hegoafrikan egiten zen Jefferys Bayko txapelketa ospetsuan parte hartzeari uko egin zion Potterrek. Apartheid sistema arrazista salatu nahi zuen, eta Tom Carroll eta Tom Curren bezalako lehiakide ospetsuen babesa jaso zuen. Boikot hark arrakasta handia izan zuen, baina Potterrek larrutik ordaindu zuen, aberkide asko ez baitziren protestarekin ados eta presio handia jasan behar izan baitzuen.

Shaun Tomson hegoafrikarra, esaterako, ez zegoen ados, surfa eta politika nahastu behar ez ziren bi gauza zirela zion. Baina hura ez zen Potterrekin zuen desadostasun bakarra, airekoak ere ez baitzituen gustuko.

Tomsonek airekoek surfaren esentzia kolokan jartzen zutela esan zuen, eta, gainera, asko izan ziren Tomsonekin bat egin zuten puristak. Aldiz, garbizaleen esanei jaramonik egin gabe, gero eta aireko altuagoak egiten hasi zen belaunaldi bat zetorren atzetik.

Potter, artean, Australiara joan zen bizitzera, Hegoafrikan jasaten ari zen presioa eramangaitza baitzen. Asko bidaiatu zuen 80ko hamarkadaren erdialdean, eta tartean, Kalifornian egin zituen zenbait uda, San Clementeko urautsietan surfean. Dudarik gabe, bertako surflari gazteengan eragin handia izan zuen.

80ko hamarkadaren amaiera aldera, San Clementeko gazteek surfean mugarik ez dela erakutsi zuten. Estetika heavy edota punk nabarmeneko gazteek skate ariketak olatu gainean ere egin daitezkeela frogatu zuten, eta, mundu ikuskera erradikal baten barruan, surfak ere erradikala izan behar zuela aldarrikatu zuten. «New School» izenez bataiatu zituzten.

Surf bideo eta aldizkariek sekulako arrakasta zuten garai horretan, eta, hala, lehiaketaz aparte, olatuaren gainean zein uretatik kanpo ere jarrera erradikala izateak sona handia zuen.

Matt Archbold eta Christian Fletcher izan ziren surf komunitate berri horren enbaxadore nagusiak. Ileori luzea, tatuaiak, belarritakoak nonahi, tauletan marrazki oldarkorrak, garezurrak... Irudi erradikala zuten.

Lehiaketetan ordea, airekoek ez zuten oraindik izen onik, eta, horrenbestez, erakustaldi eta Expression Session saioetan baino ez ziren egiten. Ildo horretan, kontuan izan behar da lehiaketa irizpideak orain oso gutxi arte izan direla airekoen kontrakoak. ASP erakundeak 2010ean epaitzeko irizpideak aldatu zituen arte, airekoek ez zuten balio handiegirik txapelketetan.

Egun bederatzi aireko mota desberdin baina gehiago daude, bakoitza bere berezitasun eta izen propioarekin: Frontside Grab, Backside Grab, Rodeo Flip, Lien, Slob, Kerrupt, Superman, Flynnstone Flip eta Klickflip dira airekoek dituzten izenak.

Lehiaketan, ariketotako asko ikus daitezke egun, eta puntuak lortzeko ariketa lagungarriak dira gainera. Airekoa jada ez da haurrentzako jolasa, merezitako estatusa lortu du. Hiru hamarkada behar izan dira ariketa hau aintzat hartzeko, baina, egun, ariketa nagusietako bat da dagoeneko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo