Euskaltzale grisak
GARAk euskara gutxi erabiltzen duela esaten didatenek arrazoi dute, baina soldaduska garaian kontzientzia objektore egiten zirenak dira. Alegia, ez zuri, ez beltz. Gris. «Nola»-ri garrantzia kendu gabe, «zer» eta «zertarako» esan behar den hautatzen dutenen multzoan kokatzen naiz. Arriskatzeko prest daudenekin. Noizbait euskara hutsean aritzeko modu bakarra delako
Surflari Ernegatua
Ostirala da. G. surf eskolan sartu da, motxila ireki eta ur jantzia ateratzen hasi da, zapatiletako lokarriak askatu, eta, jarraian, hizketan hasi gara. Bat-batean, ea zein egunkaritan idazten dudan galdegin dit. Erantzun diot. Segidan, zera esan dit: A. irakasleak GARA egunkarian euskaraz oso gutxi idazten dela esan omen die.
«Zertara zetorren irakaslearen aipua? Zein testuingurutan esan ote du hori?». Arratsalde osoan bueltaka izan dut afera, eta, hala, buruan bueltaka izan ditut ikastolan, pentsatzen irakatsi behar zidaten garai haietan, bizitakoak.
Ez nituen Saseta eta Txikiaren izenak han ikasi, Monzonek uste izan zuen moduan. Ezta azken 50 urteotan gurean jazotakoak ere. Inoiz sinetsi ez nion irakasleak Frankorekin «grisen» aurrean korri egin behar izaten zutela kontatzen zidan, nire auzoan, jendea saltaka egunero ikusten nuenean.
Agian beste eskoletan irakatsiko ez zizkidaten gauzak ikasi ahal izan nituen ikastolan, baina euskaltzale izatea eta Euskal Herriaren zale izatea gauza bera ez direla nire kabuz ikasi behar izan nuen.
Eskola garaian bitan banatzen nituen ikaskideak: gaiztakeriak egiteko prest zeuden lagunak eta haiek salatu zitzaketenak. Geroago, sexuak duen garrantziaz jabetu nintzen, gizakia izaera puruan topa daitekeen eremu bakanetakoa zela ohartu bainintzen. Eta orduan ere bi multzo: boterea bilatzen dutenak eta errekonozimendua nahi dutenak.
Botere zaleen multzoan, haurtzaroko salatari eta negartiak, egun sadomasokismoa eta antzerako joko sexualak maite dituztenak; epaile, polizia, exekutibo eta antzerakoak. Besteok, ohiko sartu-atera egin eta parekoaren begi niniak handitzearekin nahikoa dugun multzokoak garela esan daiteke.
Soldaduska garaiak etorri ziren, eta hor ere bi multzo ikusten nituen: soldaduskara joaten zirenak eta joaten ez zirenak.
Euskara eta politika ez direla nahastu behar diotenak, besteek zein hizkuntzatan egin beharko luketen agintzeko eskubidea dutela uste dutenak, eta Euskal Herriaren errealitatea hiru hizkuntza ezberdinek osatzen dutela ikusi nahi ez dutenak, behin eta berriz entzun behar izaten ditut GARAk euskara gutxi erabiltzen duela esaten, eta arrazoia dute, baina soldaduska garaian kontzientzia objektore egiten zirenak dira. Alegia, ez bata, ez bestea, beti erdian, beti epel, beti ezdeus. Gris.
Niri ere gustatuko litzaidake GARA edo «Le Journal du Pays Basque» bezalako egunkariak euskara hutsean argitaratuko balira, horrek hiru hizkuntzen fasea gainditua legokeela erakutsiko bailuke. Bitartean, ordea, «nola»-ri garrantzia kendu gabe, «zer» eta «zertarako» esan behar den hautatzen dutenen multzoan kokatzen naiz. Ez soldaduska zaleekin, ezta objektoreekin ere. Ez euskaltzale grisekin, ezta grisen aurrean korri egin zutela diotenekin ere. Zapatiletako lokarriak lotuta, korrika egin eta arriskatzeko prest daudenekin baizik. Noizbait euskara hutsean aritzeko modu bakarra baita.