Hollandek herritar askori huts egin die bere agintaldiko lehen urtean
Milaka lagun elkartu ziren atzo Pariseko kaleetan austeritate politika salatu eta VI. Errepublika abian jartzeko exijitzeko. Melenchonen Ezkerreko Fronteak deitutako mobilizazioak beste behin erakutsi zuen inkestek aspaldi esandakoa: botoa eman ziotenek ere arbuiatu egiten dute Hollande presidenteak bere agintaldiko lehen urtean egin duen kudeaketa. «Frantziako presidenterik txarrena» deitzen diote.
GARA |
Lau herritarretik hiru ez daude konforme François Hollande presidenteak orain urtebete kargua hartu zuenetik egin duen kudeaketarekin, Estatu frantsesean egin diren azken inkesten arabera. Krisi ekonomikoa, Maliko gerra eta langabeziak gora egin izana dira begiraleek aipatu dituzten arrazoietako batzuk. «Le Monde» egunkariak «Hollande, urte beldurgarria» titular gogorra idatzi zuen orain egun batzuk, eta atzo presidente sozialdemokrataren lana salatzera irten ziren herritarrek bat egiten dute esaldi horrekin.
«Ez dugu finantza mundua agintean ikusi nahi. Ezin dugu onartu kontinente osoa hondamendira daraman eta Europako herriak sufritzera behartzen dituen austeritate politika», adierazi zuen Jean-Luc Melenchonek manifestarien aurrean, Hollandek gaur bere agintaldiko lehen urtea betetzen duela-eta antolatutako mobilizazio jendetsuan: 180.000 lagun elkartu ziren nazioarteko berri agentziek emandako datuen arabera.
Azken hilabeteotan eskuineko manifestariak izan ditu Hollandek kalean, sexu bereko kideen arteko ezkontzen aurka protesta egiten. Orain, berriz, ezkerra, Melenchonen indar politikoak presidenteak iruzur egin dietela uste duten herritarrak bereganatu nahi izan ditu-eta. «Frantsesek Sarkozyren austeritate politikaren aurkako botoa eman zuten orain urtebete. Hollandek Europako austeritate ituna berriz negoziatzeko konpromisoa hartu zuen, murrizketei amaiera emateko, eta finantza munduari aurre egitekoa. Baina agindutakoa ez du bete», esan dio Telam Argentinako agentziari Raquel Garrido Ezkerreko Fronteko eledunak.
Hollanderen aldekoek nabarmentzen dute Europako Batzordeak bi urtez luzatu duela zor publikoa %3raino jaisteko epea, eta hori presidenteak egindako lanaren fruitua dela, baina ezkerrak gehiago eskatzen dio.
«Probak egiteko garaia amaitu da eta kontuak ez dira ondo ateratzen», esan zuen atzo Melenchonek, orain urtebete Hollanderen aldeko botoa eskatu arren geroztik agintariaren kudeaketa askotan salatu duen politikariak. Bere ustez, Gobernuak lorpen moduan aipatzen duen bi urteko luzapena «gezur hutsa da, bi urte horietan txantaia eta sufrimendua besterik ez baitituzte ezagutuko herritarrek». Grezia, Portugal eta Estatu espainoleko herriak ere gogoan izan zituen, horiek baitira Europako Batzordeak, finantza munduak eta «troika madarikatuak» ezarri dituzten neurriak gehien jasaten ari direnak.
Melenchon Gobernuan sartzeko prest dago, herrialdeak behar duen aldaketa egiteko gai diren pertsonak dituelako Ezkerreko Fronteak. Gainera, Batzar Eratzailea sortzea defendatu zuen, Konstituzioa aldatu eta VI. Errepublika abian jar dezan. Presidenteak egun baino ahalmen gutxiago izango luke.
PS presidentearen alderdiak eta Gobernuak «ezkerraren batasuna» apurtzea leporatu zioten Melenchoni. Pierre Moscovici Ekonomia ministroak adierazi zuen horrela eskuinari egiten zaiola mesede.
Hamar hiritan egin ziren homosexualen arteko ezkontzen aurkako protestak, gaiari buruzko legea Parlamentuak onartuta duen arren. Orain aste batzuk egindako manifestazioetan baino jende gutxiago bildu zen.