Gazte bat hil da Getxon borroka batean beste batek artazi batzuk sartu ostean
20 urteko gazte bat hil zen atzo Getxon, borroka batean beste batek artazi batzuekin sorrarazitako zauri larrien ondorioz. Dirudienez, borroka jendetsu baten baitan gertatu zen erasoa. Ertzaintzak 25 urteko gazte bat atxilotu du hilketaren ustezko egile gisa.GARA |
20 urteko gazte bat hil zen atzo Algortan, beste batek, borroka jendetsu baten baitan, artazi batzuk bularraldean sartu eta gero. Ertzaintzak 25 urteko gazte bat atxilotu zuen, hilketaren ustezko egile gisa.
Lekukoek azaldu zutenez, goizaldeko sei eta erdiak aldera zirela, 30 bat lagunek borroka jendetsua hasi zuten Salsidu eta Bizkerre kaleen bidegurutzean, Fadurako kirol instalazioak kokatuta dauden gunetik gertu. Borroka horren baitan, oraindik zehaztu ez den momentu batean, gazteren batek artazi batzuk hartu eta hildako gazteari bularraldean sartu zizkion, larriki zaurituz.
Udaltzainak, ertzainak eta DYAko anbulantzia bat berehala bertaratu ziren. Lekukoen arabera, lehendabiziko medikuak heltzerakoan biktima, Euskal Herrian bizi zen gazte perutarra, «zutik eta kontziente» zen, baina segundo gutxiren buruan lurrera zerraldo erori zen. Erizainek 40 minutu eman zituzten zauritua suspertu nahian, baina ezin izan zuten ezer egin gaztearen bizitza salbatzeko, artaziekin eragindako lesioa larriegia zelako. Bitartean, Ertzaintzako zenbait kidek 25 urteko gazte bat atxilotu zuten, hilketaren ustezko egilea izateaz akusatuta.
Goizeko bederatzietan, auzitegiko medikuak gorpua altxatzeko agindua eman zuen. Ostean, hamarrak aldera, hileta zerbitzuetako langileek Bilbora eraman zuten hildakoa, bertan autopsia eta bestelako froga guztiak egiteko.
Abadiñon, mehatxua
Bizkaiko beste puntu batean ere artaziak izan ziren atzokoan protagonista. Izan ere, Abadiñon, 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen goizalde partean Ertzaintzak, ustez beste mutil bat artazi batzuekin mehatxatzeagatik. Biak herriko taberna batean parrandan zirela gertatu zen ustezko erasoa.
Goizaldeko lau eta erdiak aldera, partikular bat Ertzaintzarekin kontaktuan jarri zen, une batzuk lehenago mehatxatu egin zutela salatzeko. Zehaztu zuenez, erasotzaileak artaziak lepoaldean jarri zizkion eta sudurrean burukada gogor bat ere eman zion. Agenteak lokalera gerturatu ziren, eta deia egin zuen gizonezkoarekin hitz egin eta bere egoera ikusi ostean -sudurretik odola zerion-, erasotzailearengana jo eta tabernan bertan atxilotu zuten, lesioak eragin eta arma zuriarekin mehatxuak egitearen akusaziopean.
Tabernan zeuden lekukoek azaldu zutenez, atxilotuak jarrera bortitza mantendu zuen atxiloketa prozesu guztian zehar. Gainera, atxilotu aurretik miatu zutenean, 28 urteko gazteak erasoan erabilitako artaziak oraindik ere gainean zituela egiaztatu zuten ertzainek.
Artaziak bularraldean sartu zizkioten biktimari, larriki zaurituz. DYAko anbulantzia bat eta erizainak berehala bertaratu ziren gaztea laguntzeko asmoz, baina 40 minuturen buruan hil zen.