GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

CFA

Mailari eusteko itxaropenekin jarraitzen du Baionako Aviron taldeak

Jon LEUNDA

Baionako Aviron taldearen egoera ez da batere erraza, baina oraindik datorren urtean CFA Mailan jarraitzeko itxaropenei eusten die, atzo Saint Etienne B taldearen zelaian o-1 irabazi ostean.

Hiru jardunaldi besterik ez dira falta Ligari amaiera emateko, eta une honetan Baionako taldea hamabosgarren postuan dago. Txapelketako hemezortzi taldeetatik azkeneko lauek galtzen dute maila, eta Aviron doi-doi dago jaitsierako postu horretan. Une honetan salbazioa bi puntura dauka, eta maila honetako garaipenek lau balio dute. Beraz, helburua ez daukate oso aparte, eta, azkeneko hiru jardunaldietan gauzak ongi egiten baldin badituzte, seguru lortuko dutela CFA mailari eustea.

Atzoko norgehiagoka oso garrantzitsua zen, azkeneko postuan zegoen taldearen aurka jokatzen baitzuten. Saint Etiennen bigarren taldea oso arriskutsua da. Afrikar jatorriko jokalari gazte anitz dauzka, maila oso onekoak guztiak ere. Gazteak dira eta sailkapenari begiratu gabe jokatu beharra zegoen, eta horrelaxe egin zuen talde baionarrak. Berriro ere harrobiko jende askorekin jokatu eta oso norgehiagoka txukuna egin zuen, nahiz eta garaipena lortzea ikaragarri kostatu zitzaion.

Amaieran, ordea, lau puntuak eskuratu zituen, eta orain dela astebete ia ezinezkoa zela zirudiena, orain posible dela dirudi, Baionakoen aurkari zuzenak diren talderik gehienek galdu egin baitzuten. Albi izan zen irabazi zuen bakarra, baina haiek baionarren atzetik dira.

Aurrera begira jarrita, Tarbe edo Paue dira gainditu beharreko bi taldeak. Bietako bat gainditzea nahikoa du mailari eusteko, baina horretarako datorren asteburuan etxean irabazi egin beharra dauka Avironek. Aurrekontu oso txikiarekin, eta harrobiko jokalari askorekin ari da denboraldiari aurre egiten Aviron, egindako fitxaketak ere ez baitira batere ongi atera Lapurdiko hiriburuan. Gazteak, ordea, ongi ari dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo