GARA > Idatzia > Kultura

Alt Sessions kontzertu zikloaren jaialdia egingo da maiatzaren 10ean Bermeoko Kafe Antzokian

Bermeoko Beleza Malandra ateneoan, Gasteizko Ibu Hots tabernan eta Donostiako Le Bukowskin egiten den Alt Sessions kontzertu zikloak 2012-2013 ekitaldiaren amaiera ospatuko du maiatzaren 10ean, Bermeoko Kafe Antzokian, jaialdi batekin.

p046_f03_115x69.jpg

GARA | BERMEO

Euskal Herriko eta atzerriko bost talde izango dira protagonista: The Screamin' Targets donostiarrak, Joseba Irazoki beratarra, Australia eta Zeelanda Berriko Pete Ross & Sapphire, Frantziako King Automatic, eta The Experimental Tropic Blues Band belgikarrak. Eneritz Artetxe aktore gernikarrak egingo ditu jaialdiaren «gidari» lanak.

The Screamin' Targets 2010eko erdialdean sortu zuten Arturo Ibañez gitarristak, Arturo Zumalabe bateria jotzaileak, Beñat Bergara baxu jotzaileak eta Gigi Peligro abeslari eta gitarristak. Rock and roll banda klasikoa da, Flamin' Groovies, Plimsouls, Nerves, Blue Angel edota Rockpile bezalakoen eraginekin. Kontzeptu melodiko eta erritmikoak rockabillyarekin nahasten dituzte, pop melodiak eta sustrai amerikarreko doinuak bat eginez.

«Nahasketa horretan datza taldearen sendotasuna, konposizio zainduen xarma abeslari nagusi bikainari eta esperientzia handiko musikariei esker lortzen duten arren», adierazi dute.

Bestalde, Berako (Nafarroa) musikari «aldakorra, polifazetikoa eta geldirik egoten ez dakien gitarrista» da Joseba Irazoki, eta konposizioa bezain beste interesatzen zaio inprobisazioa. Gizon orkestra bezala, abesteaz gain, gitarra, harmonika eta bonboa jotzen ditu. Horrez gain, programazioez, loop-ez, eta soinu-efektuez ere arduratzen da.

«Erritmo frenetikodun kaosa eta doinuak sortzen ditu», folk, blues, psikodelia eta esperimentazio ñabardurekin. Irazokik rockaren sustraiak, tradizioa eta abangoardia uztartzea lortu du, «modu harrigarri bezain sailkaezinean», esan dute antolatzaileek.

Pete Ross & Saphire

Pete Ross gitarrista eta Susy Sapphire baxu jotzailea iaz hasi ziren elkarrekin jotzen. Kanta «misteriotsuak» egiten dituzte, psikodelia ukitu batekin. Abestiek «edertasun hipnotikoko giroak» sortzen dituzte, «zoritxar eta atsekabez betetako istorioak kontatzeko».

King Automatic, berriz, Jeremy Malisz musikariaren proposamen berezia da. 1990eko hamarkadako Estrus garaje rock musikako diskoetxe mitikoko Wangs eta Thundercrack bandetan zailduriko bateria jotzailea orkestra gizon bezala ari da 2003an Nancyn King Automatic sortu zuenetik.

Azkenik, Belgikatik helduko dira Boogie Snake, Dirty Wolf eta Devil d'Inferno: The Experimental Tropic Blues Band. Izenak hala iradokitzen duen arren, ez dute esperimentatzen, ezta erritmo tropikalik jotzen, baizik eta rock and roll, garage, blues, punk rock, psychobilly eta 1950eko hamarkadako usaina duen beste edozein doinu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo