GARA > Idatzia > Euskal Herria

Onkologikoa Osakidetzan osoki sartzeko eskaera, «urgentziaz»

EH Bilduk Kutxako Administrazio Kontseilua «urgentziaz» biltzeko eskatuko du, Onkologikoaren etorkizunaz modu monografikoan mintzatzeko eta beharrezko informazio guztia kontrastatzeko. Iragarri duenez, zentro hau Osakidetzan era operatiboan eta osoki integratzearen alde egingo du batzarrean, herritarren osasuna lehenestea bermatzeko xedearekin.

GARA |

Azken asteotan jaso dituen informazio batzuekin «oso kezkatuta» dago EH Bildu, koalizioak behin baino gehiagotan azaldu duen Kutxaren Onkologikoa pribatizatzeko asmoa berresten dutela ikusten duelako. Ino Galparsorok eta Ainhoa Beolak atzo egindako agerraldian adierazi zutenez, Osakidetzatik Onkologikora bideratzen den paziente kopurua nabarmen jaitsi da eta itxaron zerrendak daudela-eta Gipuzkoako hainbat lagun Bizkaira bidaltzen ari dira. «Ezin ahatz daiteke gaixotasun onkologikoek gora egiten dutela, eta, beraz, inoiz baino beharrezkoagoa da gaixoak artatzeko baliabideak hobetzea eta aktibatzea», ohartarazi zuten.

Esan zutenez, orain arte pazienteek Onkologikoa aukeratu zezaketen prebentzio kontsultak jasotzeko; hori izan da zentro honen arlo indartsuetako bat. Aldiz, aukera hori mugatu eta erien kopurua murrizteko eskatu zion Kutxak Onkologikoari. Horrek ondorio zuzenak ditu: «Ondesteko ukipena egiteko, itxaron zerrenda luzea dago Osakidetzan; Onkologikoan hurrengo egunean egin nahi izanez gero, 100 eurotik gora ordaindu behar da». Ez hori bakarrik: Galparsorok eta Beolak jakinarazi zutenez, Kutxa ikerkuntza eta garapen unitatea irekitzea planteatzen ari da, baina «etekin ekonomikoak buruan izanda». Eta horri ez diote «inolako zentzurik» ikusten, ikerkuntzak pazienteek jaso beharreko tratamenduak hobetzeko izan behar duela pentsatzen dutelako eta, gainera, diru-sarreren ordez inbertsioak eta gastuak eragiten dituelako. Beren ustez, farmazia arloko multinazionalen interesak daude gibelean.

«Diruaren logika, aurretik»

Kutxako Zuzendaritzak logika ekonomikoa gipuzkoarren interesen aurretik jartzeko asmoa duela salatu zuen EH Bilduk, Onkologikoa «hustera iritsi arte», «ezkutuan, informaziorik eman gabe».

Koalizioak ez du zalantzarik: Onkologikoa da Kutxaren Gizartekintzako proiektu nagusia, gipuzkoar guztien diruaz sortu eta mantendutako osasun zentro erreferentziala minbizi gaietan. Hala izaten segitzeko aurkeztu zuten Legebiltzarrean Osakidetzan integratzeko proposamena, eta aurrera atera zen, baina Zuzendaritzak ez die Kutxako Administrazio Kontseiluko kideei jakinarazi arlo horretan izaten ari diren harremanen nondik norakoak zertan diren.

ITXARON ALA pagatu

«Osakidetzan zitologia bat egiteko hilabeteak itxaron behar dira; itxaron gabe Onkologikoan egiteko, 100 euro ordaindu», agertu du koalizioak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo