jokoak
Lokotxetan eta lasto-altxatzean txapeldun berriak izango dira
J.L.
Lokotx-biltzean, eta lasto-altxatzean Gipuzkoan txapeldun berriak izango dira, bihar jokatuko baitira kirol hauetako finalak.
Lasto-altxatzean, Beasainen izango da ekinaldia, aizkolariekin batera. Bertan, Andoni Agirreurreta, Peio Argaia, Mattin De la Sota eta Lander Otermin neurtuko dira. Kirolari bakoitzak 45 kiloko fardoa erabiliko du, bi minutuan, eta lurretik 7,50 metrora dagoen poleara altxatu beharko dute ahalik eta gehien.
Arratsaldean, Legorretan jokatuko da, hemen ere aizkolariekin batera, Gipuzkoako Lokotx-biltze Txapelketa. Unai Alberdi, Eneko Garmendia, Jon Larrañaga, Igor Rey, eta Gotzon Zulaika izango dira txapelaren bila jardungo diren kirolariak. Bakoitzak 50 lokotx batu beharko ditu ahalik eta azkarren, eta batetik bestera 1,25 metroko tartea egongo da.