GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora | Urrezko lehiaketa

Txapela lortu nahi duenak ezin du inolako hutsik egin Urduñan eta Diman

Final-laurdenetako bi kanporaketa jokatuko dira, zortzi aizkolarirekin. Saio bakoitzeko onenak, gainera, finalera sailkatuko dira, zuzen-zuzenean.

p040_f01_148x104.jpg

Jon LEUNDA

Gaur bertan erabakita geratuko dira Urrezko Aizkorako final-laurdenak. Goizean Urduñan lau aizkolari neurtuko dira, eta arratsaldean, berriz, Diman beste lau lehiatuko dira. Bakoitzeko lehen sailkatuek finalerako txartela lortuko dute, eta bakoitzeko bigarrenak eta hirugarrenak finalerdia jokatuko dute.

Lehen kanporaketa 12.00etan jokatuko da Urduñako plazan. Juanjo Lopez, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza eta Julen Kañamares lehiatuko dira. Azken hau da aukerarik gutxien izan dezakeen aizkolaria, baina galtzeko ere berak izango du gutxien. Beretzat dagoen lekura iristea handia izan da, eta lasai eta gozatzera joango da, ezusteren bat emateko asmoarekin.

Berez, Lopezen, Rekondoren eta Mugertza II.aren artean egon beharko du lehen postuak, baina lanak laburrak dira, eta ekinaldiren batean deskuiduren bat izatea garesti ordaintzen da lan hauetan, eta ezusterako atea ere handiagoa izaten da honelako probetan.

Gaur arratsaldean, 19.00etan, berriz, Nazabal, Atutxa II.a, Otaegi eta Erasun neurtuko dira, Dimako plazan. Hemen ere aukerarik gutxien Erasunek izango du, baina Kañamaresen kasuan bezalaxe, dagoen lekuan egotearekin helburua bapo beteta iristen da, eta presiorik gutxien ere berak izango du. Floren Nazabal izango da garaipena erdiesteko eta finalera zuzenean sailkatzeko faboritoa, baina lan laburretan edozer gerta daiteke eta ezusteak ere handiagoak izaten dira.

Bihar, berriz, 13.00etan Kuartangon jokatuko da 18 urtez azpikoen lehia. Bertan, lehen faseko azkeneko saioa jokatuko dute Larrea III.ak eta Etxeberria II.ak.

Gipuzkoako Txapelketa

Bihar jokatuko dira Gipuzkoako Bigarren Mailako bi kanporaketak. Eguerdian, 13.00etan, Beasaingo Gernika pasealekuko pilotalekuan jokatuko da lehen kanporaketa, eta bertan neurtuko dira Luix Txapartegi, Jon Irazu, Xabier Zaldua, Jexuxmari Lasa, Xabier Dorronsoro, Iñaki Agirre eta Eneko Otaño.

Bigarren kanporaketa, berriz, arratsaldean, 18.00etan, jokatuko da Legorretako Harripila kiroldegian eta han Mikel Larrañaga, Joxemari Telletxea, Ugaitz Mugertza, Aratz Mugertza, Joxemari Esnaola, Jokin Alkizalete eta Aitor Urteaga neurtuko dira.

Bi saioetan aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Kanporaketa bakoitzeko hiru aizkolari onenek lortuko dute Usurbilen jokatuko den finalean aritzeko txartela, hantxe erabakiko baita txapela.

Izen handiak ere ugari dira bi kanporaketa hauetan, eta horien artean daude bai finalera sartzeko, baita txapela lortzeko faborito nagusiak ere. Beasaingo saioan Luix Txapartegi eta Jon Irazu izango dira faborito nagusiak. Aizarnakoa jaitsi berria da maila nagusitik, eta Zizurkilgoak, berriz, lehen aldiz igo nahi du maila nagusira. Euskal Herrikoan lortu zuen iaz, eta Gipuzkoakoan ez du gutxiago izan nahi. Berarengan, gainera, itxaropen handiak daude jarrita. Beste faboritoetakoa Jexuxmari Lasa da, baina Legorretakoa ez dabil orain buru-belarri aizkoran, eta horren arabera egongo da. Ongi badago, berak ere hor egon beharko luke; bestela arazoak izango ditu, gainerako aurkariak ere oso sasoi onean baitabiltza.

Arratsaldekoan, berriz, Mugertza anaiak eta Mikel Larrañaga dira finalera sartzeko faborito nagusiak. Hala ere, kontuan hartu beharko da Alkizalete II.a ere, Urrezko Aizkoran lan bikaina egin baitu, baita Telletxea bera ere, azkeneko urte hauetan txapelketa onak egin baititu. Hasiera batean, finalean sartzeko aukerarik gutxien dituztenak Esnaola eta Urteaga direla ematen du, baina lana luze horietakoa ere ez da, eta egurretan edo epaietan arazoren bat izatea nahikoa da denbora ugari galdu eta finaletik at geratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo