GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Txapelketak

Harria protagonista dela bi lehiaketa jokatuko dira Aian

J.L.

Harria protagonista izango duten bi lehiaketa jokatuko dira Aian. Bata gaur gauean izango da, 22.00etan, eta bestea, berriz, bihar arratsaldean, 18.00etan.

Gaur gauean emakumezkoen giza-proba txapelketa jokatuko da. Bertan, Ibarra, Ergobia eta Orio neurtuko dira. Talde bakoitza zortzi neskaz osatuta egongo da, eta 500 kiloko harria erabili beharko dute.

Ordu laurdena izango dute lanerako, eta tarte horretan plazarik edo metrorik gehien egiten duen taldeak lortuko du garaipena. Taldekako giza-proba modan jarri den kirola da, gero eta talde gehiago ari dira ateratzen, eta orain badirudi nesketan ere taldeak sortzen ari direla. Kirol honek, gainera, jende asko mugitzen du, batez ere gazte jendea, eta gaur gauean ere Aiako probalekuak sarrera bikaina izango du nesken giza-proba ikusteko.

Bihar arratsaldean ere harria izango da protagonista Aian, baina bihar harri-jasotzaileak izango dira lehian, eta kasu honetan, gainera, mutilak arituko dira lanean.

Aiako Harri Berezia izenekoarekin antolatu dute txapelketa, eta ekinaldi honek ere ikusmin handia piztu du. 115 kiloko harria da, eta berarekin Joseba Ostolatza, Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Eizmendi eta Urrutia neurtuko dira. Bost minutuko txanda izango dute.

Sokatira

Nafarroako Lauko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur Amaiurko pilotalekuan 18.00etan hasita.

Bertan, 320 kilokoan, Txantrea, Kaskailueta, Amaiur A, Amaiur B, Berriozar eta Basaburua-Imotz neurtuko dira. Nesken 260 kilokoan, berriz, Sakana, Berriozar, Basaburua-Imotz eta Txantrea neurtuko dira.

Azkenik, kadete mailako lehia ere izango da, eta horretan 280 kilokoak lehiatuko dira. Berriozar A, Berriozar B, Andra Mari, Beriain eta Ultzama izango dira aurrez aurre arituko diren taldeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo