Legea herri baten aurka erabiltzen denean
Donostiako Aske Guneak alde batetik sentzazio gazia utzi zuen zigortutako gazteak eraman zituztelako, baina baita gozoa ere, herri harresia ez dela plantak egiteko antzezpena erakutsi zuelako. Atzo Aske Gunea Ondarrun zegoen, eta bertan ziren herritarrek eta Euskal Herri osoan zer gertatuko zain zeuden guztiek bazekiten beharbada, Donostian bezala, bidegabekeria gauzatuko zutela, indarrez. Baina harresi sendoa ikusi zuten, eta argi zuten beren helburua ez zela, ez, plantak egitea, herri harresia ez baita balidabide sinboliko hutsa, baizik eta beren jardun politikoagatik zigortu dituzten herritarrak kartzelara eramatea saihesteko tresna. izan ere, herri harresia herritarren borondatea defenditzeko baliabiderik onena herritarrak berak direla erakusten ari da. Donostiako zein Ondarruko aske guneetan bazekiten duela hiru aste, atzo edo gaur izan ezean, hurrengo batean litekeena dela atxiloketak saihestea.
Zer gertatuko litzateke atxiloketarik egitea lortuko ez balute? Legea bete behar dela argudiatuko du Gobernu espainiarrak, eta berdin Ertzaintzaren arduradunek. Lege bidegabea dela jakinda. Eta aurrean herri bat dutela jakinda, egunean baino egunean indar handiagoz auzi politikoak bertan behera uzteko eskatzen duen herria, alegia. Legeak ustez herritarren zerbitzuko eta, besteak beste, herritar horien borondatea errespetarazteko tresna dira eta.