Zinemaldiak diru-laguntza publikoak «inbertsioa» direla erakutsi nahi du
Ia bost hilabete falta dira Donostia alfonbra gorriz janzteko, baina Zinemaldiko Zuzendaritza dagoeneko hasi da zinemazaleen gogoa pizten. Horretarako, aurtengo jaialdia osatuko duten sailetako kartelak aurkeztu zituzten. Bestalde, Zinemaldiak ekonomian duen eragina neurtzen duen ikerketa bat jarri dute martxan, instituzioei ikusarazteko jaialdiari ematen dioten dirua ez dela «diru-laguntza» hutsa, baizik eta gizartearentzako «inbertsio» bat.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Izarrez betetako Zinemaldia izan zen iazkoa, 60. urteurrenekoa, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa du aurten ere Donostiako zinema jaialdi nagusiak. Zinema maitaleen artean zirrara eta ilusioa pizten joateko asmoz, pixkanaka irailaren 20 eta 28 bitartean ospatuko den edizioaren inguruko albisteak jakinarazten joango dira. Atzo, 61. edizio honetako kartelak ezagutzeko aukera izan genuen.
Kartelen aurkezpenarekin batera, antolatzaileek publikoa irailera begira jarri nahi dute Donostiara etorriko diren izarren izenak iragarriz. Datorren astelehenean jakingo dugu lehenengo Donostia Saria jasoko duenaren izena, baita zein film aurkeztuko digun. 2013ko jaialdian 60. edizioan lortu zen kalitate maila berari eutsi nahi dio Jose Luis Rebordinosek, diru-laguntzek behera egin badute ere.
Zuzendariaren esanetan, 61. edizioa aurrera eramateko bidean, instituzioek 400.000 euro gutxiago eskainiko dizkiote jaialdiari aurten, baina antolakuntzak ez du etsi nahi eta instituzioen ikuspuntua aldatzeko asmoa dute. Rebordinosen ustetan, «diru-laguntza» gisa ematen diren horiek, egiaz, «inbertsio» bat dira, Zinemaldiak balio ekonomiko handia sortzen baitu. Hala dela erakusteko, jaialdiak duen inpaktu ekonomikoaren gaineko ikerketa bat abiarazi du, eta datorren hilean jakinaraziko dituzte emaitzak.
«Urte zaila da honakoa, baina iazkoa ere bai eta oso arrakastatsua izan zen», aipatu zuen Rebordinosek. Izan ere, nazioarteko zein euskal zinema-industriako eta hedabideetako akreditatuen kopurua nabarmen handitu zen (3.200 baino gehiago) eta zinema geletara gerturatu ziren ikusleak ere gehiago izan ziren, Donostiara ekarri zituzten filmen kalitateak erakarrita. Hollywoodeko filmen presentzia handitu egin zen, adibidez, Ben Affleck-ek zuzendutako «Argo»-ren Europa mailako estreinaldia Donostian egin zen -eta ondoren film onenaren Oscar saria eskuratu zuen-. Estatu espainoleko urteko film onenak ere Donostiako zinema-aretoetan ikusi ahal izan genituen, Pablo Berger bilbotarraren «Blancanieves», esaterako. Horrek guztiak zinema industriako harremanak sustatu zituen eta, finean, jaialdiaren oso balantze positiboa egin zuten. Zinemaldiaren 61. ekitaldia iritsi bitartean, lantaldea itxaropentsu ari da lanean, eta horren adibide dira aurtengo sailak ilustratzeko aukeratu dituzten kartel koloretsuak.
Ikuslearen begia
2013. urte honetan, hirugarrenez, lehiaketan parte hartutako lanen artean hautatu dituzte sail bakoitzeko kartelak. Garrantzitsuena, aurrerantzean 61. Zinemaldiaren irudia izango delako, Sail Ofiziala irudikatzen duen Toni Ponti diseinatzaile eta argazkilari katalanaren «Optiko» lana da.
Ponti ezaguna du jaialdiak, iaz Horizontes Latinos saileko kartela egin baitzuen. Aurtengo kartel nagusiak ikuslearen begia irudikatzen du, egileak azaldu duenez. «Kamera baten obturadorea dirudien zirkulu bat da eta, era berean, zinema gela bateko besaulkiak izan daitezke -azaldu zuen- eta kanpoko marrak ongietorria egiten dio 61 zenbakiari labirinto batean zehar Zinemaldiaren erdigunean murgiltzeko». Jaialdiak bere 60. hamarkadan lehen pausoak eman dituenez, Pontik 1960ko urteetako pop estiloan hartu du oinarri gisa.
Toni Pontik «Óptico» kartelarekin irabazi du lehiaketa. Sail bererako aurkeztu zuen «Screencarpetsea» kartelak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du.
Lander Telletxea da «Berriak» kartelaren autorea. Bere esanetan, «hemen dira zuzendari berriak» egiten du oihu diseinuak.
«Ciudad» Oliver Meneses diseinatzaile mexikarraren lana da. «Inception» filmean (Christopher Nolan, 2010) oinarritu da etxez osatutako Rubik kuboa egiteko.
Maialen Echaniz da kartelaren mugez gaindi doan «Z» handi hau egin duena. «Sin limites» du izena diseinuak, sailak berak ere ez duelako inolako mugarik.
Beatriz Galvan de la Rosak «Gota a gota» diseinatu du film baten prozesua metafora batekin irudikatzeko: tanta baten jatorria, ibilbidea eta eraketa.
Aurtengo atzera begirako zikloak Nagisa Oshima zuzendari japoniarrari eta animaziozko zinemaren bide berriei eskainiko dizkiote. Kartelen egilea Roberto Cueto da.
Abentura eta akzio-kirolei eskainitako saila dugu honakoa, iaz belodromoko Big Friday gauak izan zuen arrakastaren ostean sortutakoa. Borja Garmendia da sortzailea.
Atzo zortzi sailetako kartelak aurkeztu zituzten, baina badira beste hiru sail oraindik kartelik ez dutenak: Culinary Zinema, Zinemira eta lehiaketaz kanpoko Made in Spain.